Leku publikoei agintari baten izena jartzeko erabakia ez da neutroa izaten; omenduaren laudorioarekin batera, omengileen zeharkako auto-laudorioa eta herri xehea eskolatzea bilatu ohi ditu: hona hemen, herritarrok, eredu zuzena.
Ibilbide luzea egin zuen Iñaki Azkunak politikan, azken hamalau urteak Bilboko alkate gisa: hauteskundeek erakutsi zuten babes handia zuela “munduko alkate onenak”; aurkakoak ere izan zituen, hauen iritzian nazionalista epel, anti-abertzale bero eta herri-ekimenen kontrario sutsua izan zenak.
Azkunari buruzko iritziak iritzi, banago inor gutxiri gustatu zaiola Alondegiaren izen aldaketarekin gure historiaren arrasto bat ezabatu izana. Alondegiak gure hiri eta herri askotako biztanleen paisaia eta bizimoduaren parte ziren. Urteak dira jada Bilbokotik aienatu zirela ardo usaia, orga eta kamioen joan etorriak, upel, zahagi eta garrafoi dantza, behargin, saltzaile eta erosleen borborra; baina eraikin eraberrituak gordetzen zuen izenak inoizko bizimoduaren oroigarri jarraitzen zuen. Zertarako ezabatu? Hil ondorengo omenaldi baldar honen zein premia zuen bizi zela hainbeste laudorio eta goraipamen jasotako Azkunak?
Nabarmenegia da Alondegiaren izen aldaketa sustatu dutenen hautes-giroko oportunismoa. Uste dut, halere, baduela haragoko logikarik kultura espektakulu huts bihurtu zuen alkatearen izena jarri izanak inoiz kultura kritikoaren faktoria bihurtu nahi izan zen guneari: eredu baten gorazarrea eta bestearen lurperatzea irudikatuko lirateke, Bilbao kosmopolita eta akritikoaren behin betirako garaipena.
Eskerrak ez dagoen Oteiza begira.