Ikusezinak ikusgai bihurtu dira

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2016ko eka. 20a, 17:20

Bilboko Arte Ederren Museo zinez ederrean izan bazara, gozatuko zenuen haren funtsetako lan apartez edota aldi baterako erakusketa bereziez; ikusi gabe edo haien erreparorik egin gabe joango zitzaizkizun, ziurrenik, harrera eta informazioan, erakusgelen zaintzan, edota guneko dendan begien aurrean izan dituzun gizon-emakumeak.

Oraingoan, ordea, izaki garden horiek –35 lagun guztira– ikusgai bihurtu zaizkigu iragarritako eskultura hiperrealisten lekuan, beren lan-baldintzen erakusketa jarri digutenean musu-musuetan: lanaldi partzialak –kontziliazioarekin bateraezinak–, asko jota 880 euroko soldatak, eta lan-postuen jarraipenaren inolako bermerik eza.

“Bilboko kulturaren ikurrak” inoiz izan duen lehen grebari  konponbidea jarri beharko lioketenak ardura saihesten ari dira: Museoko ugazabek –Aldundia, Udala eta Jaurlaritzak– Manpower azpikontratarena dela auzia; Manpowerrek, berriz, kontzesioaren kondizioek ez diotela langileen eskaerei erantzuteko tarterik uzten. Espero zitekeena, lan-kondizio kaskarrak ezarri eta ardurak saihesteko asmatua baitago azpikontratazio sistema.

Badago grebak mindu duen azal fineko sektore bat, zeinek aldarrikatzen baitu langileen eskaerek –zilegiak izatekotan ere–ez luketela eragotzi behar gainontzekoen kulturaz gozatzeko eskubidea; alegia, hilaren amaierara ito gabe iristea bezalako aspirazio prosaikoek ez luketela trabatu behar espiritu jasoen gozamen estetikoa: gosea aipatzea bajua iruditzen zaie goikoei –Brecht beti harira– eurak bapo eginda daudelako.

Ematen du hasi berria den udan, Arte Ederren Museoan ez,  beste nonbait baizik topatu beharko dutela gozamen estetikoa espiritu jaso horiek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun