Ikusezinen garaipena

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2016ko uzt. 20a, 11:06

Orain hilabete aipatzen nituen Bilboko Arte Ederretako Museoko grebaren inguruko kontu batzuk. 41 egunez Museoa itxita eduki ondoren, lortu dute beharginek grebari amaiera eman dion akordioa: lan hitzarmenaren lau urteko iraunaldian soldatak ia bikoizteraino emendatuko dira eta, zerbitzuaren ardura duen enpresa aldatuta ere, langileei beren lekuetan jarraituko dutela bermatu zaie. Nabarmen hobetuko ditu, beraz, akordioak gizon-emazte hauen bizi-baldintzak.

Esan beharrik ez dago hobekuntza ez zaiola zor Museoko nagusi diren erakundeen esku zabaltasunari, hauek, “pertsona helburu” eta horrelako eslogan humanistak erabili zale izanagatik, ahal izan duten bitartean miseriazko baldintzetan eduki baitituzte Museoko langileak. Hobekuntza irabazi egin dute beharginenek, grebari heldu eta eutsita.

Bejondeiela Museoko langileei bataila txikiz jositako neoliberalismoaren aurkako guda globalean beren borrokaldia irabazteko gauza izan direlako! Bejondeiela, baita ere, borrokaldia babestu duten sindikatuei, erakutsi baitute, beste behin, agintari asebeteek egozten dietenaren kontrara, beren aldarrikapenak ez daudela errealitatetik kanpo, jende xehearen premia oinarrizkoenei atxikita baizik.

Eta, grebarenak eginda, gaurtik aurrera eta irailaren 26 bitartean, goza dezagun espiritu jaso eta larrekoagoek ere Arte Ederretako Museoak eskaintzen digun Eskultura Hiperrealistaren erakusketa ikusgarriaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun