Auzitegi Gorena katagorrien alde

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2017ko mar. 27a, 17:57

Goiburuak Espainiako Auzitegi Gorenaren beroaldi ekologistaren bat iradoki badezake ere, oso bestelakoa da dakardan kontua: euskaraz katagorri, urtxintxa edo katamixar deitzen dugun karraskari xarmanta "esquirol" deritza katalaneraz; jakina da, bestalde, izen hau xarma gutxiagoko gizaki mota bat deitzeko ere erabiltzen dela XIX mendeko amaiera aldetik.

Hain zuzen ere, Kataluniako Manlleu herrian indarrean zegoen greba zapuzteko ugazabek handik gertuko L’Esquirol herritik ekarritako beharginak erabili zituztenetik.

Greba gogorren ondoren lortu zuten langileek greba bera eskubidetzat onartua izan zedin. Eskubide horren ezinbesteko osagarria da ugazabei grebalariak ordezkatzeko jartzen zaien debekua, Manlleuko ugazaben jokamoldea zilegi balitz  erabat desitxuratuko bailitzateke grebarako eskubidea. Jokamolde gaitzesgarri hori da hain zuzen ere aipatzen dudan Auzitegi Gorenaren sententziak ezarritako aurrekariak, zeharka bada ere, babes bidean jartzen duena.

Kontuan har dezagun behinola ugazaba edo enpresa bakar baten izenean zeuden ekoizpen edo zerbitzu prozesuak gaur askoz ere konplexuago bihurtu direla –edota dituztela–, askotan enplegatzaile nagusiaren inguruan kontrata, azpikontrata eta hornitzaile sareak elkar korapilatzeraino. Enpresa nagusiak “de facto” bere menpe duen enpresa hornitzaile edo zerbitzu emaile batetako langileek greba iragarri orduko lana beste hornitzaile batengana bideratzeko modua badu, neurri handian, guztiz ez bada, mugatuko da grebaren eragina eta grebalarien eskubidea bera ere. Antzeko jokabidea da, hain zuzen ere, Auzitegiak onetsi duena.

Catalá justizia ministroak ez du ezkutatu sententziak greba eskubidean irekitako arrakalak eman dion poza: “malgutasuna” ahalbidetzeko eta enpresen eta grebalarien eskubideak  “orekatzeko” bidea jartzen omen du. Sententzia Konstituzio Auzitegira errekurritua izango dela pentsa liteke, baina politikoki taxututako instantzia honek aspalditik erakusten duen gero eta eskumarako joera nabarmenagoa ez da inondik ere lasaigarria; ikusi besterik ez dago nola Auzitegi honek ontzat eman berri duen Telemadrid-ek erabilitako eskirolaje teknologikoa (baliabide teknikoz ordezkatu langile grebalariei zegozkien eginbeharrak).

Laster beteko dira berrogei urte Espainiako legediak greba oinarrizko eskubidetzat onartu zuenetik. Ordutik eten gabe saiatu da patronala grebaren mugak hertsatzen. Aipatu erabaki judizialek susmarazten didate ofentsiba bere helburuak lortzeko bidean doala eta era guztietako katagorrien erabilerak –berdin azpikontrata, gizaki edo baliabide teknologiko– gero eta estatuko botereen babes zabalagoa izango duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun