Txoriak maite ez dituen erregea (ipuin amaitu gabea)

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2017ko ira. 27a, 10:09

Nire ipuineko erregeak ez ditu txoriak maite; bestela ez lizkieke hegoak ebakiko, Joxean Arzek ondotxo erakutsi zigunez. Betirako bereak izan daitezen, hegalik gabeko txoriak baino ez ditu nahi errege honek txoritegian...

eta, haietakoren bati hegoak hazten hasi zaizkiola sumatu orduko, moztaileak bidaltzen ditu guraizetzarrekin hego berrien arrastorik txikiena ere erauztera.

Bada bertan txori bat, oraingoaren izen bereko errege batek hegoak ebakita han itxi zuena, ez-txori bizimoduarekin ernegatuta, aire libreko askatasuna berreskuratzeko deliberoa hartu duena. Eta, delibero hori hartu bezain laster, hara nondik hegoak hazten hasi zaizkion eta, moztaileek behin eta berriz ebakitzen dizkioten arren, orduan eta indar handiagoz ernatzen zaizkion  hegal berriak. Legeen sarean korapilatu dute, gorteko pregoietan iraindu, epaileen mailuz eta borreroen mazoz kolpatu, baina haren hegoak eten gabe doaz hazten eta indartzen.

Beste txori bat ere bada txoritegian, arestiko hegal mozteek zentzatuta edo,  erregearekin ondo konpontzea hobetsi duena, hark egunen batean hegoak garatu eta hegaldatzeko baimena emango diolakoan. Txori hau erregearekin duen kidetasunaz burgoitzen da besten aurrean, berariaz ekartzen dioten zapero partikularra mokokatzen duen bitartean.

Galdera da –galdera batek jartzen baitio amaiera ipuin amaitu gabe honi–  zeinek lortuko ote duen lehenago hegoak astindu eta txoriak maite ez dituen erregearen itxilekutik alde egitea: sarean harrapatutako hego indartsuko txori matxinatuak ala, txoritegian gozo, gero eta oilo itxura handiagoa hartzen ari den txori hegal-motzak. Inork lortzen badu, noski.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun