Venezuelako liskar odoltsuen bultzatzaileen espetxeratzeaz inoiz erabiliko ez lituzketen argudioak darabilzkite, hain zuzen ere, hedabide horiek Kataluniako mobilizazio baketsuen arduradun omen direnen kartzelaratzeaz dihardutenean.
Tira, onar dezagun legea hautsi izanaren argudioa, Cuixart eta Sanchezi bezala Kataluniako agintari eta ordezkari demokratiko gehienei, milaka ekintzaileri eta milioika boto emaileri ere nolabait aplika dakiekena.
Zuzenbide Estatuarena eta Estatu demokratiko aurreratuarena bestelako kontuak dira, auzitan jarri bait daiteke Kataluniako herria eta instituzioak aspalditik mahai gainean jartzen ari diren aldarrikapen demokratikoari etsipenaren aterabidea baino eskaini ez dion zuzenbide sistema benetan demokratikoa ote den. Ulertzekoa da estatu batek berea duen zati bati alde egiteko erraztasunik ez ematea: Canadak eta Britainia handiak ere ez diete bide erosoa jarri Quebec eta Eskoziari; baina hortik Espainiak herri katalanari –euskaldunari bezala– eman dion “lasciate ogni speranza” erantzunera tarte handia dago: demokraziaren irizpidea aintzat hartu behar duela onartzen duen estatu batetik legearen jabetza ororen gainetik bere nagusitasuna ezartzeko darabilen estaturainoko distantzia.
Espainiako instituzioek demokrazia eta zuzenbide estatuaren babesa aipatzen badituzte ere, legearen argudioa baino ezin du astindu azkenean Estatuak katalanak astintzeko. Legearen inperioa!, puzten dira, sagar erreak bailiran, Espainiako indar politiko nagusi eta iritzi publikatu ia osoaren txaloen artean. “Muturreko positibismo juridiko honek –idatzi zuen orain hiru urte ta erdi UK aldizkarian hain gertuko dudan K.Olatek– auzia legal-ilegal kategorietara darama: legala dena egingarria litzateke, ilegala –hots, Estatuak ilegal izendatzen duena–, egin ezina”.[1] Alegia, legearen inperioa baino zuzenago, inperioaren legea.
Ez dugu ahaztu behar, ordea, legeak eta inperioak ez direla nahitaez betirako, eta gaur indarrean dauden lege eta botere esparru asko inoiz garaiko legearen kontrakoak izan zirela. Trantsizio hori ez da, noski, erraza izaten: estrategia egokia, indarra eta zortea behar izaten ditu; eta, sarritan, baita aldaketaren alde egiteagatik espetxera joateko prest dagoen jendea ere, Soto del Realen giltzaperatu dituzten Jordi biak adibide.
Iragarri daiteke Espainiako erreinuak baliabide guztiak –politikoak, ekonomikoak, mediatikoak eta errepresio argi eta garbia– erabiliko dituela Kataluniako errebolta demokratikoa itotzeko. Aurreikusi daiteke, halaber, nolako Espainia utziko duen agerian –uzten ari da dagoeneko– Kataluniako auziak: eskaera demokratikoei biderik emateko gauza ez den egitura instituzionala, inoren ukazioak moldatutako nazio identitatea, batasun sakrosantua aipatu orduko ustelkeriak jandako gobernuari babes osoa eskaintze dion klase politikoa, lotsaren antologian sartzeko moduko historia duen monarkia bizkarroia… Nolatan harritzen ditu askok albait arinen alde egin nahi izateak estatu kutre horretatik?
L’estaca-ko aitonak ere aitortzen du ez dela zeregin erraza: “Ben cert sé que està podrida, però és que, Siset, pesa tant, que a cops la força m'oblida”; baina, “si jo l'estiro fort per aquí, i tu l'estires fort per allà, segur que tomba, tomba, tomba, i ens podrem alliberar”.
[1] http://ezdagiro.blogspot.com.es/2014/02/legal-ilegal.html
Irudia: Flavita Banana, ORGULLOYSATISFACCION.COM