Emakume kontuak, edo ez?

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2018ko mar. 8a, 16:59

Gizonezko izateak sortu dizkien arazoez galdetu die "La Marea" aldizkariak hainbat gizaseme ezaguni. Ezustekorik ez erantzunetan...

Ez dute inoiz bortxatuak izateko beldurrik izan gauez etxera itzultzean, ez dute sexu eraso edo jazarpenik jasan, ez dute konplimendu lerdetsurik irentsi behar izan, ez dute gizon izateagatik eragozpen edo bereizkeriarik pairatu lan edo bizi jardunean… Emakumeek MeToo (niri ere bai) zioten lekuan, gizakumeek MeNeither (niri ere ez) diote.

“Zeurez dakizuna baino ez dakizu” idatzi zuen poetak; horregatik izango da gizonezkooi hain besterenak egiten zaizkigula emakumeen bizipen asko.

Fokoa eredu patriarkalean dugun erosotasun konparatibotik harago zabaltzen dugunean,  konturatzen gara kapitalismo basatia ezartzen ari zaigun eredua andre zein gizonen kalterako dela: natura  eta pertsonak neurri gabe ustiatzen ditu, gutxi batzuen aberastea eta gehienen pobretzea dakar, denbora eta indarrak inorentzat gainbalioa sortzen xahutzera behartzen gaitu.  Ezinbestekoa dugu bestelako eredua (natura errespetatu, bizitza zaindu eta ekonomia pertsonen neurrira doituko duena) biziraupen duina ahalbidetzeko.

Nago eredu berri horren alde konprometitzen garen heinean, gero eta geureago egingo ditugula inoiz emakumeen kontutzat hartu genituen aldarrikapenak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun