"Gobernu zentrala"

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2020ko mai. 5a, 21:26

Aitor dezadan askotan erabilia naizela “gobernu zentral” esamoldea, ziurrenik “espainol” hitzak eragiten zidan zeragatik. Ez naiz bakarra izango.

Apurka jabetzen joan nintzen, zentroa  geurean jarri nahi bagenuen, ez zela egokia Madrili zentralitatea aitortzea, eta gobernu eta gainerako botere espainolei “espainol” deitzen hasi nintzaien; are gehiago, “gobernu  zentral” bezalako esamoldeak mingarri ere bihurtu zitzaizkidan. Banago horretan ere ez naizela bakarra.

Harrez gero etsian eraman behar izan dut gurean nagusi diren hedabide espainoletan ohikoa den “zentral” hori. Nekezagoa egiten zait gure hedabide publikoetan edota agintari nazionalisten adierazpenetan irenstea: Lakuako bozemaile den Josu Erkoreka dugu, esaterako, “gobernu zentral” horren zale nabarmena.

Zerbaiti edo norbaiti  zentralitatea aitortzeak gailentasun sinbolikoa –eta praktikoa– damaio  aldi berean. Umetako eskola-liburu batean mapa-mundiaren ondoan irakurri zitekeen: hainbeste maite du Jaungoikoak Espainia, non munduaren erdian kokatu baitu. Eta Espainiaren erdian, eransten dut, Madril eta bertan datzan estatu osoaren gaineko aginpidea.

Egia da “zentral” esapidearen objektore semantikook ez dugula aldeko  Covid-19aren aroa, birusaren babesean argi utzi baitigute non dagoen, eta non ez dagoen, hegoaldetarrak gobernatzen gaituen zentralitatea: Gobernu espainolak, oker ala zuzen, erabakitzen du gure eskubideen norainokoa eta ezartzen du gure bizi-baldintzen markoa; bete-beteko gobernu zentrala, beraz. Agerian geratu da, bide batez, beste zerbait zirelakoan zeuden hainbat erakunderen sukurtsal betearazle izaera.

Ez dut uste salbuespen egoerak zuritu dezakenik begi-bistakoa dena, larrialdiaren sua bezalakorik ez baitago autogobernuaren eltzea probatzeko; hain zuzen ikusi duguna izan da eltzea zartatu egin dela eta parafernaliaren eta eskumen delegatuen administrazioaren atzean ez dagoela, finean, benetako botere politikorik. Eskumenon administrazioa gutxietsi gabe, gaia edozein dela ere, azken hitza duenak du benetako boterea; ez da, onar dezagun, gure erakunde politikoen kasua.

Neuri dagokidanez, segituko dut Espainiako gobernuaren zentralitatearen objektore izaten, ez ez dakidalako non duen egoitza gure gaineko benetako aginpide politikoak, baizik eta aginpide horren gurekiko zilegitasuna ukatzen dudalako, batetik, eta bestelako zentroen beharra aldarrikatzen dudalako, bestetik.

Utikan, beraz, “gobernu zentrala”! Utikan, baita ere, bide batez, munduko autogobernu osoena gozatzen ari garenaren ipuina!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun