Laurent Fignon, pozaren pozez, Anoetako Belodromoko ohorezko biran, oroitze hutsak zirrara egiten dit oraino, 30 urte igarota. Menderakaitza zen txirrindulari frantsesa, bizikleta gainean zein kazetari aurrean, eta buruan zebilkiona esateko ohitura zuen, esanak garratzak izanda ere. Horrexegatik leku askotan gorroto zioten. Hemen, ordea, euskal zaleen maitasuna jaso ohi zuen eta, zoriontsu, eskertu.
Fignonek legez, itzal handiko beste txirrindulari askok euskal zaleenganako errespetua aitortu dute eta euren jarrera goretsi, txirringa gainean maitatuak sentitu direlako bide-ertzetako txalo zaparradez eta adorez.
Baina txirrindularitza zaleak etxean arrotz. Kirol hau Euskal Herrian puntakoa izanda, ez da ulergarria instituzioek erakusten duten sentsibilitate eza, are gutxiago Europan non ikasi dutelarik. Hemen ospe handiko kontuak atsegin dituzte agintean dauden politikariek. Euskal txirrindularien garaipenen omenaldietan alfonbra gorria eta guzti jartzen dute. Bidegorria, ordea, ez da beren lehentasuna, hauteskunde kanpainan, salbu.
Gogoratzekoa da, esaterako, 2004koa. Kongresurako EAJren hautagai bat Erandiora etorri zen Espainiako Gobernuari eskatzeko Getxo eta Bilboren arteko bidegorria egin zezan, itsasadarreko errepidearen eskuduntza Madrili baitagokio. Harrezkero tutik ere ez. EAJren hautagaia eskaera hura egiteko bizikletaz ibili balitz, sikiera. Baina ez. Txalupa batean sartu zen, askoz ere seguruago. Gaur egun nire lagun Felipek ere gauza bera egiten du auto batek birritan atzetik harrapatu ostean. Mirariz bizirik dirauenez, txirringa txalupan sartu, itsasadarra gurutzatu eta ezkerraldeko bidegorritik ibili ohi da.