Seme-alabak kirolari profesionalak bailiran

Euria ari zuen neguko egun hodeitsu eta hotz hartan. Urdulizetik Mungiarako norabidean gindoazen bizikletaz, zeharo bustita eta hoztuta. Butroiko gazteluaren ondoan dagoen baselizaren parera heltzean, tropel hartako kide bati berton gelditzea otu zitzaion geroago atertuko zuelako itxaropenaz. Ermitaren arkupeak gure babesleku bilakatu ziren, baita gure algaren eszenatoki ere. Zelan ez! 16 urte edo genituen, kirolari sanoak ginen, umorea gure indarra zen eta bizikleta, gure pasioa.

Momentu hura, benetan, gozatzekoa izango zatekeen nire lagun baten aita kotxez bertatik igaro izan ez balitz. Gizonaren atsekaberako, semea euritan entrenatzen aurkitu barik, arkupean babestuta topatu zuen. Antza, hura tragedia zen! Suminduta, semeari hurbildu eta biraoka agindu zion bizikleta gainean jartzeko eta errepidera bueltatzeko. Euritan eta hoztuta entrenatzera, kosta ala kosta. Laguna ez zen, ordea, bakarrik joan. Bere ondoan izan gintuen, pedalei eraginez, kilometroz kilometro.

Urteak joan eta urteak etorri, oraindik ere aita haren jarrera ulertu ezinean nabil. Aita hura bezalako beste guraso batzuk topatu ditut txirrindularitzarekin zerikusirik ez duten beste kirol batzuetan, futbol edo saskibaloi partidetan, kasu. Zenbait alditan ikusi ditut seme-alabei errieta egiten edota epaileei birao aipaezinak botaka. Edozelan ere, jasanezinak izan dira eszena horiek guztiak.

Ez dakit zenbaterainokoa den halako gurasoek pairatzen duten frustrazioaren zama. Ez dakit zergatik tratatzen dituzten seme-alabak kirolari profesionalak bailiran. Arrazoia arrazoi, eskerrak guraso gehienak horrelakoak ez direla eta kirolaren esentzia ulertu egiten dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun