Gorriturik eta totelka, bere jakingura asebete nuen bi hitzez: “Etxeko minagatik”. Barneko huts hura sentitua nuen zenbait hil lehenago Lanzarote irla izugarrian, non etxeko mina arintzearren euskara ikasteari ekin nion, euskal hitzak zein aditzak penarako antidotoak bailiran. Euskara bazkal osteko postrea zen, La Voz de Lanzarote egunkarian kazetari nuen lanari lotu aurretik. Horrela, Lanzaroten, urruntasunean, itsasoari so, euskararekiko motibazioz zipriztindu nintzen. Gaurdaino.