Istripua jazotako lekua bilatzeari ekin genion, eta bilaketak Derioko San Esteban auzoraino eroan gintuen. Bide ertzean aparkatu genuen autoa, aireportu berrirakoa asfaltatu gabe baitzegoen. Oinez, euripean eta lokatzez belaunetaraino, istripuaren lekura hurbildu ginen harik eta zinpeko zaintzaile batek sartzea galarazi zigun arte. Berandu samar. Ikuskizun tristea ikusi ahal izan genuen. 300 metrotara edo, zulo handi baten goialdean, hildakoen zenbait lankide zeuden, behean, hondeagailu batek lurra mugitzen zuen bitartean gorpuen bila. Burumakur, Sondikako aireportura abiatu ginen. Bidean, alabaina, espero ez genuena topatu genuen. Krudelkeriaren metafora bailitzan, Derioko hilerri ondoan, berotegi soil batzuen artean, hildakoen lankideak eta familiak zeuden. Bide-bazterrean, baztertuta.
Ia 18 urte geroago egoera hartaz oroitzen naiz langile baten heriotzaren berri dudanean. Iaz soilik, Hego Euskal Herrian, 50 inguru hil dira. Arrazoiak arrazoi, enpresei eta administrazioei sentsibilitate handiagoa eska dakieke, euren esku dagoen guztia egiten dutelako diskurtsoa ez baita inolaz ere sinesgarria, ez 51 hildakoekin, ez XXI mendean.