Bide gorritik itsasadarreko bidegorri estrategikora

Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo egun batean lot litzakeen bidegorriaren kontuak tenis partida eskasa baten antza du. Pilota doa pista batetik bestera, hau da, instituzio batetik bestera. Hitz eta pitz jardun zuten gure politikari batzuek uda baino lehen, baina oraino ez da inor mamira joan. Bidegorri hau estrategikoa al da inguru honetako bizi-kalitatea hobetze aldera?

Instituzioek ez dute argi utzi ea estrategikotzat jotzen duten, eta galdera airean dago deserosoa delako. Erokeria izango litzateke proiektu honen balio estrategikoa ukatzea gaur egun, noiz-eta gure gizartean aisialdirako kirola eta garapen iraunkorrerako bizikleta erreferenteak diren. Beraz, bada garaia instituzioek hotsandiko hitzak karpetan gorde eta proiektu honi balio estrategikoa aitor diezaioten, argiki, aitormen hori baita benetako konpromisoa.

Hamar urte beteko dira Josu Erkorekak, egungo Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, bidaiatxo bat egin zuenetik itsasadarretik txalupaz. 2008ko Hauteskunde Orokorrak deituta, kanpaina egitera etorri zen Erandiora, non Espainiako Gobernuari eskatu baitzion bidegorria egin zezan. Alferrik izan zen!

Aurton Bilboko Portuak itsasadarreko bidea utzi du, beste instituzioek bidegorria egin dezaten. Orain galdera da zelan ordaindu. Bada proposamen bat daukat. Bidegorria egin dadila Bilbao Ría 2000 izeneko erakundeak beste proiektu asko egiten dituen antzera, Bilbon eta Barakaldon; hortaz, Instituzioek (Espainiako Gobernuak barne) diru-ekarpena proportzionalki egin dezatela, euren gaitasun ekonomikoaren arabera. Ez kilometroka. Honela Erandio langile-herriak ere proiektu estrategiko bati etekina aterako dio, behin sikiera

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun