Ezbairik barik, egutegiari ez zaio erreparatu behar jakiteko urtaro baten amaieran gaudela; izan ere, uda agortuz doalako seinaleak baitira horiek guztiak, naturak berak dakarzkigunak. Eta eguzkiaren berotasuna apalduz doan heinean, gizartearen patua ere bestelakoa da, inolaz ere ez udakoa bezain malgua. Gure bizitzan, errutinaren ateak zabaltzen dira agendak, ordutegiak, iratzargailuak… indarrean gera daitezen. Eta, horrela, denbora neurtuaren aurrean, monotonian giltzaperaturik sentituko ez ote garen beldur gara. Denbora neurtuaren aurrean ere izutzen gara-eta. Hain gara beldurtiok gizakiok, hain kezkatiok. Honetan ere hobe dugu gizakion gorabehera psikologikoetan adituak direnei kasu egitea. Finean, hobe dugu monotoniaren kontzepzioarekin apurtzea errutinaren ideiaren mesedetan. Oporren osteko errutina baita orekara itzultzeko bide zuzena, egunerokoak dakarrenaz gozatzera ere eraman gaitzakeena. Has dadila!
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.