Argitaratu zenetik, 240 urte ondotxo joanda ere, gaurkotasun oso-osoa du. Felix Maria Samaniego ilustratuaren alegia da, ezagunenetako bat. Txerri baten eta asto baten bizipena du abiapuntu. Azken honek bekaizkeriaz zekusan txerria, berorrek lan bako egunetan bapo jaten zuelako. Asto gixajoa! Txerriaren bizitzaren itxura faltsuak itsututa, triste zebilen berea kaskarra bezain nekagarria zelakoan. Ohartuko zen, alabaina, luxuzko bizitza hura gezurraren ispilua zela ganadu-hiltzaileak txerriari joan zitzaizkionean labanaz odolustera. Gaur egun, fenomeno bera pairatzen dugu sare sozialetan. Ikertuta dago. Norberak ona, itzela… dena argitaratu ohi du: bidaiak, afariak, arropa berriak, gorputz lirainak (Photoshop)… Miseriarik ez! Eta hortxe ditugu gazte asko eta asko, pantaila aurrean iltzatuta, errealitate faltsuan itsututa eta beren bizitza kaka bat dela sinetsita.
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.