Bilera horietan EAJ-k ere galdetu zigun ea zein izango zen gure jarrera legealdian zehar adostasunak bilatzeko. Gure erantzuna zintzoa izan zen berriro ere; akordioak lortzeko prest geundela beti ere gure programarekin bat etortzen baziren eta herriaren onerako baziren. Baina hori bai, gutxieneko batzuk bete behar zirela, beste aldearen borondate politikoa agertzen duten marra gorri haiek, eta jarri genien eredua argia izan zen; aurrekontuak plenoetan eztabaidatzea ezinbesteko betebeharra ikusten genuen.
Orain EAJ-k udal lehen ikasgaia eman dit, herria eta politika zelan ulertzen duten eta norekin eraiki nahi duten erakutsi digu. PSOE hartu zuten bide lagun hasieran, ustez alderdi bien arteko akordio orokorrak behartuta; orain, askatasunez PP hartu dute bide lagun. Eskuina bat eginda, berdin zaie, Getxo, Espainia zein Euskal Herria, bat egin dute udal politika egiteko bitartekoak banatzeko eta erabaki garbia atera dute; hauteskundeen emaitzak alboratu, herriaren esana kontutan ez izatea eta bitartekari gehienak eskuinaren esku utzi (EAJ-PP-PSOE-Ciudadanos) ezkerreko indarrak zigortuz (GUK eta EH Bildu).
Oztopoa izan arren jakin beharko lukete ohituta gaudela oztopoak gainditzen, udal politika egiteko gure bitarteko preziatuenak ez direla ateratzen herritarren zergetatik, herritarron konpromezutik baizik. Eskuinak baino bitarteko gutxiago izanda, banaketa erabat injustoa izan arren eta herritarrentzat garestiago izan arren, aurrean topatuko gaituztela. Lan egiteko prest, euren alderdikeriak salatzeko prest, eraikitzeko prest, baina marra gorriek hor segitzen dutela, eta lehenengoa hautsi egin dutela. Aurreko legealdian konfidantza apurtu bazuten legealdi berrian berdin agertu zaizkigu. Baina lasai egon daitezela, lehen ikasgaia ikasia dugu.