Errefuxiatuen arazoa geure arazoa da

Errefuxiatuen arazoa geurea da, hori argi dut. Ezin diegu geure ardurei bizkarra eman. Behartuta gaituen estatu honek gerra egin zuen Iraken, behartuta gaituen estatu honek Saudi Arabiari saltzen dizkio armak eta haiek ISIS delakoari… gauza argiak dira horiek. Are gehiago, gure gobernuek, Europar Batasunak, geopolitika eta geoekonomia jartzen ditu pertsonen aurretik, horrela sufrimendua eraginez.

Baina tarteka sufrimendua ate joka etortzen zaigu, tarteka milaka lagun heltzen dira gure muga eroso eta seguruetara bizitza duin baten bila, eta batzuetan, bizitza salbatu nahian baino ez. Orduan, gure gobernuek egiten duten lehenengo gauza oztopoak jartzea da, ateak itxi, eta bizitza kuotetan neurtu, kuotetatik kanpo agortuko diren bizitzez ezer esan gabe.

Maiz, sufrimenduak irudi itxura hartzen du eta, orduan, telebistek eta egunkarietako argazkiek, aurpegira botatzen digute, hipokresia ariketa bati hasiera emanez. Denok agertzen dugu gure kezka, gure haserrea. Eta batzuetan, soilik batzuetan, gobernuak mugitzen hasten dira, aurretik esandako hitzak aldatuz, agian, ekaitza noiz pasako zain, jendarteak emandako hitzak ahazteko itxaropenaz, ekintzen bidetik betiko jokabideetara itzultzeko.

Bai, errefuxiatuen arazoa geure arazoa da, geure kontzientzien arazoa, geure oroimenarena. Gerra zibilaren garaian milaka umek utzi behar izan zuten sorterria bizitza salbatzearren, milaka euskaldunek utzi zuten atzean Euskal Herria etorkizun hobe baten bila. Errefuxiatuena ere, oroimenarekin lotutako kontua ere bada.

Errefuxiatuen arazoa geure arazoa da eta, zoritxarrez, Getxoko Udaleko bozeramaleen batzordeak honen inguruan hartu duen azken erabakia (EAJ-PSE-PP eta Ciudadanosek babestuta) motz geratzen da, hitzen unibertsora mugatzen baita. Harrera-, integrazio- eta laguntza-sare egonkorra antolatu behar dugu herri honetan, geure kontzientziari zor diogu, geure historiari. Baita mundu osoko hainbat herriri ere. Ondoren etorriko dira horretarako bitartekoen inguruko kezkaz, geroago topatuko ditugu bidean oztopoak, baina bada ziurra den zerbait: ibiltzen hasten ez bagara, hitz artean galduko gara, milaka lagunen heriotzek malko hutsekin begirada lausotzen diguten bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun