Uda aurretik esan genion EH Bilduko zinegotziok EAJri gai honen inguruan hitz egin nahi genuela. 2009an lortutako “adostasuna” ez zitzaigula balio, garai hartan apartheid legeak bere eragina zuelako, eta ondoren ETAk su-etena ere ezarri zuelako.
Hilabete hauetan berretsi diogu EAJri gure eskaintza, baina ez dugu inolako erantzunik jaso. Bitartean, jakin izan dugu EAJ gainontzeko alderdiekin harremanetan izan dela, bereziki GUK eta Ciudadanosekoekin; 2009ko adierazpenetara batzeko, baina guri hitzik ere ez.
Azkenean, EAJk memoriaren eguneko bezperarako Bozeramaleen Batzordea deitzen du, eta hor gauzak gehiago nahasten dira. Alde batetik, lantzen ibili diren 2009ko testua aurkeztu beharrean 2013ko testu bat aurkeztu digute; halere, esaten digute gehiago gustatzen zaiela 2009koa. Agian, alkate jauna Eudeleko presidentea izanik gainontzeko herriei agindu diena ere bete egin behar duelako, eta oraingoan hemen ere, 2013ko testuarekin bat egin behar delako.
Bozeramaleen Batzordean egia ez diren gauzak esaten dira, hala nola, EAJk EH Bildurekin hitz egin duela, eta hori ez da egia izan. Emaitza? PP ez da memoriaren egunera joango erabaki politikoagatik, Ciudadanosek aztertu behar du testu berria eta ez dela joango esaten du, GUK-ek aztertu behar du, orain arte 2009ko testuarekin lanean ibili direlako.
Gure jarrera argia izan da; biktimak, memoria, gatazkaren ondorioak mingarriak dira guztiontzat, pertsonen sentimenduekin ezin da politika egin. Biktima guztiek behar dute aitortza eta erreparazioa, bereizketarik gabe, biolentzia guztien biktimak berdin tratatu behar ditugu biktimen duintasuna zaindu nahi badugu eta ezin da biktimen minarekin politika egin edo alderdi baten interesen alde egin. Baldintza horietan ezin dugu memoriaren egunean parte hartu, ezin dugu alkateak eta EAJren kudeaketa kaskarra eta joko ilun, onartezina eta traketsa babestu.
Hala ere, bizikidetzan eta bakean aurrera egiteko beti izango gaitu EAJk edo edonork prest, hitz egiteko beti prest, baina aurrera-pausuak eman behar dira. Ezin gara duela 6 urteko akordioetara begira egon; egoera aldatu da, bakerantz eta bizikidetzarantz urratsak eman dira eta antzinako egoera mingarriei erantzuten zieten akordioak gainditu eta berriak lortu behar ditugu. Gogoan izan dezala hori EAJk, laster helduko zaigu beste egun bat, abenduaren 2a, hain zuzen; beraz, has gaitezen hitz egiten, kontsentsua lantzen, ez dezagun memoriaren eguneko ikuskizun tamalgarria errepikatu.