Arreta zerbitzuarekin harremana izango duen postu baten aurrean gauden arren, ez da hizkuntz eskakizunik aurreikusten, nahiz eta bigarren profila izatea meritu gisa baloratu den. Hortaz, euskarari ematen zaion garrantzia ezerezean geratzen da.
Hori dela eta, otsailean ospatu zen Getxo Kirolakeko Kontseilu Artezkarian Euskara Zerbitzuari hizkuntz profilen beharren inguruko txostena eskatzea proposatu genuen eta presidenteak hala egingo zuela agindu zigun.
Hilabete beranduago egin den Kontseiluan txostenari buruz galdetu diogunean, presidente jaunaren erantzuna bestelakoa izan da. Oraingoan Getxo Kirolak-ek ez daukala txosten hori eskatzeko beharrik eta horregatik ez duela txostenik aginduko esan digu. Azkenengo Kontseiluan hartutako konpromisoa bergogoratu genion arren, ezetzan mantendu zen. Zein da orduan Getxo Kirolak-eko presidentearen hitzak duen balioa? Erantzun penagarria etortzen zait burura, baina oraindik tamalgarriago da burura datorkidan hurrengo galdera: non geratzen da, ez konpromisoa, baizik eta Getxo Kirolak eta bere presidenteak euskarari zor dioten gutxieneko errespetua? Erantzuna, zoritzarrez agerikoa da, ezerezean.
Baina tristeena da ez dela harritzekoa Getxo Kirolak-ek eta bere presidenteak oraingoan euskararekiko erakutsi duten konpromiso falta. Getxo Kirolaken, kartel batzuk eta langile batzuk egiten duten ahalegina kenduta, euskara oso gutxi erabiltzen da eta tamalez azken adibide honekin azaleratu da kontratazio berrietan ere ez zaiola euskarari behar duen garrantzia emango.
Getxo Kirolak-en euskaraz? No estamos obligados, hori bai erantzun penagarria.