Kontseiluaren gai ordenean aztergaiak sartu nahi izan ditugunean Getxo Kirolak-eko presidenteak, estatutuek kontrakoa esan arren, eskubide hori ukatu egin digu.
Hizkuntz profilaren egokitasunari buruz, edota eskumenei buruz txostenak eskatu dizkiogunean Getxo Kirolakeko presidenteari, berak eskatuko zituela agindu digu, baina ondoren atzera egin du; batzuetan, txostenak alkateari eskatu behar genizkiola esanez eta beste batzuetan, behartuta ez zegoenez ez zituela eskatuko esanez.
Beraz, txintxo txintxo, alkateari eskatu genizkion aipatu txostenak, eta erantzuna luze itxaron ostean igaro den asteazkenean heldu zitzaigun, eta bitxia benetan: Alkateak esan zigun txostenak Getxo Kirolaken eskatu behar genituela, guk hori egina genuela esan genion, baina berak bere horretan jarraitu zuen.
Antza denez, aitzakia topatzeko ez dute irudimen handirik izan. Irtenbiderik gabeko zirkulu batean harrapatu nahi izan gaituzte, baina ez dute lortuko.
Gure ustez, aipatu kontratazio prozesuan alde ilun asko dago, pertsona batentzat propio diseinatutako prozesua dela dirudi. Oso susmagarria da dena, eta gure kontrol prozesuan EAJ-k jarri dituen oztopo zentzugabeek are susmagarriagoa egiten dute. Zoritxarrez badirudi zerbaiti kiratsa dariola Getxo Kirolak-en.