Eta burura etorri zaizkit galdu ditugun hitzak, lapurtu dizkiguten esanahiak. Guk erabiltzen genituen eta orain Haiek erabiltzen dituzte; arima ostu diete. Askatasun nahiak askatasun kate bihurtuta. Esanahiak zabalduz gure ekintza mugatuz. Batzuk hustu dituzte, beste batzuk aurpegiratu dizkigute, edonola ere esanahien landa zabalean eremu handiak eraiki zituzten eta eztabaidarako tarteak murriztu, anbiguotasuna egin dute nagusi.
Garai bateko enpresa-gizona (garai batekoak gizonak baitziren) herriratu zuten, urrutiko enpresa-gizon maltzurraren irudia desegin ziguten; langilea, autonomoa, egunkari saltzailea... bihurtu zituzten enpresa-gizon eta bat-batean, gure inguruan, gure herrietan, langile asko eta asko desagertu zitzaizkigun eta enpresa-gizonak nonahiagertu. Enpresa-gizon berriak enpresa-gizonen hitzak erabiltzen hasi ziren;enpresa-gizonen ideiak herriratu zituzten.
Nireak ziren esanahi batzuetara etorri zaizkit Haiek guztiak eta nireak diren esanahi batzuetatik kanporatu naute. Esanahia bereganatu dute, ni kanpoan utzita; harresiaren bestaldean dagoena etsaia da. Konstituzioa espainiarra bihurtu dute eta konstituzioetatik kanpo utzi naute. Gudemokratek demokraziaren helburua aldatu digute, elkarbizitza errebolber bihurtuz. Ez al da hori pirateria? Nork babestuko gaitu oraingoan? Nork defendatuko du nire jabego intelektuala babeslealapurra denean?
Askotan sentitu dut nireak diren ezaugarriak lapurtzen dizkidatela, kongresutik, telebistatik, egunkarietatik. Askotan sentitu dut ezkerra etengabe aritu behar dela esanahiak zehazteko beharrean, adjektiboak asmatzen. Hitzek gorpuzten dituzte ideiak, ideien bizilekua da eztabaida, eta eztabaidarako eremua estutzen edo hertsitzen ari zaizkigu. Esanahiak gureak dira, herritarronak, defenda ditzagun gure esangurak gure benetako altxorra baitira.