Ingelesezko hitzen neurri bako erabilerak nazkatuta naukala aitortu behar dizuet, ez dizuet gezurrik esango. Ulertu dezaket Bilboko Erakustazokak izena galdu izana Bilbao Exhibition Centeren alde bere nazioarteko bokazioa dela medio, ez zait gehiegi gustatzen, baina onartu dezaket. Baina Fadura? Nork erabiltzen du eta nork erabiliko du Fadura? Ingelesek? Amerikarrek? Irlandarrek? Jakina, etortzen badira ongi etorriak izango dira, ongi etorri esaten diogunez gurera datorren edonori, baina erabiltzaile gehienak getxoztarrok izango gara; hala pentsatzen dut nik behintzat.
Seguru getxoztar askok ingelesa jakingo duela, ez dut zalantzan jartzen, baina herri honek bi hizkuntz ofizial ditu, bata bestearekiko egoera diglosikoan dagoena gainera, eta orain hirugarren hizkuntza menderatzailea sartzea ez dut begi onez ikusten. Ez dut uste inori mesede egiten dionik, edo agian bai, agian bere hizkuntzan zer esan ez dakienak bilatzen du babesa hirugarren hizkuntza batean, ingelesezko hitzek nolabaiteko estatusa emango baliote bezala. Baina ingelesezko hitzak argi uzten duen gauza bakarra erabiltzen duenaren gabezia da.
Hausnartu dezala hurrengorako ingelesaren kolonizazioari ateak zabaltzeko zale horrek, pentsatu dezala noraino bere konplexuak kaltetu dezakeen bere ingurua eta ea thought egoki baten ostean asmatzen hasten den.