Gezurrak, tokiko politika eta EAJren Wonderland-a

Hauteskundeak hurbiltzen direnean talde politikoak egin duguna "saltzen" hasten gara eta besteek egin ez dutena agerian uzten. Lan neketsua da hori, eta ez da batere pozgarria, politikak, batez ere udal-politikak, gauzak aldatzeko eta hobetzeko izan beharko bailuke.

Ikusi berri dugu udal-gobernuko ordezkari bat euren lorpenak saltzen eta besteei gezurrak leporatzen. Aurretik ikusi izan dugu ere nola EAJk "Getxoberri"-n beregain hartzen dituen beste batzuen ekimenak euren aurpegia zuritzeko asmoz.

Ez da oso zintzoa besteei gezurretan ibiltzea leporatzea eta horretarako gezurra erabiltzea. Horretan adituak diren eskuineko aukerak badaude Madril aldean, baina agerikoa da eskuinak uste baino antzekotasun gehiago dituela.

"Saltzen" digu udal-gobernuko ordezkariak aurrekontuen inguruan birritan lortu dituztela akordioak eta hori ez da egia, gezurra dela esango nuke. Jakin badaki EAJren bozeramaleak legealdi honetan aurrekontuen inguruan akordio bakar bat egin dela, EH Bilduk ahalbidetu zuena 2016. urtean. 2017 eta 2018an aurrekontuak luzatu egin ziren akordiorik ez zegoelako… eta legealdi honetan ez da egon aurrekontu gehiagorik. Beraz, nekez "saldu" daiteke bi aurrekontu akordio egon direla, gezurretan ez bada.

Salmenten artean topatzen dugu ere Getxo Antzokia, oraindik bukatu ez dena eta 50 milioi euro baino gehiago xahutu dituena. Asmatuko dugu iragartzen badugu martxoa baino arinago inauguratuko dutela, ondo omen datorkielako. Nik egia esateko ez dakit harro egoteko zerbait den, ia 10 urte behar izan dituztenean eraikitzeko eta Guggenheim museoa 4 urteetan egin zutenean, eta oraindik zabaldu gabe.

Romon ez da ikusi eraldaketa handirik auzotarrei bizkar emanda Kultur Etxe Berria edota Nagusien Etxeko erabiltzaileek jasan duten jazarpena ez badira. Portu Zaharrean egin den igogailua EH Bildurekin lortutako akordioaren ondorioz etorri da, gauza bera gertatzen da esaterako, alokairurako diru laguntzekin, EH Bilduren proposamena eta aldarrikapena zena orain bereganatu nahi duten arren.

Kultura eta Kirol politiken aldeko apustua ez dugu hain garbi ikusten, Kontseilu Artezkarien ateak itxirik mantenduz, epaileek Getxo Kirolak-en egin diren zenbait kontratazio legez kanpokoak direla esan dutenean edota Kultur zinegotzi berari oposizioko zinegotzion eskubideak urratzen dituela baieztatu denean bide judizialean.

Abesti berriek arrakastarik ez dutenean abesti zaharren diskoa ateratzen dute musika taldeek. Antzeko zerbait egiten saiatu da udal-gobernuko ordezkaria, beraienak ez diren ekimenak bereganatuz abesti zaharrak plagiatzen diren bezala, hitzez loratutako gezurrezko pote hutsak apaintzen, eta betiko udako abestia ustiatu nahiean. Errealitate oso bestelakoa izan da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun