Bizkaiko Piraguismo Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Inaki Eguzkitza 2017ko ots. 21a, 18:46

Bizkaiko Piraguismo Txapelketa jokatu zen Butroe errekan, domekan.

Joan den domekan (otsailaren 19an) jokatu zen Bizkaiko Piraguismo Txapelketa, Plentzian. Eguraldia nahiko goibela izan bazen ere, euririk behintzat ez zuen egin, eta arazo barik jokatu ziren estropada guztiak.

Parte-hartze handia izan zen. Emakumezkoetan, 37 piraguista egon ziren guztira; tartean, 17 kadete (14-15 urtekoak). Gizonezkoetan, 78 lagun: 27 kadete eta 19 beterano (36 urtetik gorakoak). Uribe Kostako hiru taldeez gain (Plentzia, Barrika eta Getxo), Euskal Herriko beste talde batzuk ere aritu ziren: Zumaiatik, Iruñetik, Donostiatik eta Irundik etorri ziren piraguistak. Eta Espainiatik, Kantabriatik eta Burgosetik, ere bai.

Estropadak 10:00etan hasi ziren gizonezkoen kadeteak eta parakanoak kategoriekin. 10:05ean emakumezkoen kategoria guztiak irten ziren batera. 5.000 metroko ibilbidea egin behar izan zuten: 2.500 metro Butroe errekan gora, ziaboga eta beste 2.500 metro errekan behera, Plentziako zubiraino. Horren ostean, gizonezkoen gainerako kategorien txanda izan zen. Gizonezkoen seniorren eta 23 urtez azpikoen irteeran, arazotxo batzuk izan ziren zenbait piraguistak ez zituztelako epaileen aginduak bete.

Irteeran, buia bi egoten dira, eta buia biak lotzen dituen alegiazko marraren ostean itxaron behar izaten dute piraguistek. Kontua da domekan errekaren urak eta haizeak ez zutela erraztu piraguistak marra horren atzetik jartzea, eta hor mantentzea. Gainera, ez da ahaztu behar piraguismo-estropadetan lehiatzera irteten diren piraguisten kokapena oso garrantzitsua dela gero estropadaren bilakaerarako, eta ondo kokatuta egoteak berebiziko garrantzia daukala hasierako txanparako. Hau da, inork ez du gura izaten bere kokapen ona galdu.

Horren ondorioz, epaileek piraguista bi deskalifikatu zituzten; tartean, Getxoko taldeko piraguista onenetako bat, zalantza barik domina lortzeko lehian ibiliko zena. 10:45ean ziren irteteko gizonezkoen seniorrak eta 23 urtez azpikoak, baina epaileek irteera hori atzeratu, eta aurreratu egin zuten gizonezkoen jubenilen eta beteranoen estropada. Eta horren ostean jokatu zen, azkenik, seniorren eta 23 urtez azpikikoen estropada.

Emaitzei dagokionez, hona hemen Bizkaiko txapeldunak:

Emakumezkoak

Seniorrak

Ainhize Olaitz

Getxo

23 urtez azpikoak

Isabel Goikoetxea

Plentzia

Jubenilak

Irene Gana

Barrika

Kadeteak

Karite Eizmendi

Barrika

 

Gizonezkoak

Seniorrak

Andoni Intxaurtieta

Plentzia

23 urtez azpikoak

Mikel de Velasco

Getxo

Jubenilak

Gonzalo Fdez de Castro

Barrika

Kadeteak

Aitor Uriarte

Getxo

Beteranoak

Andima Altuna

Barrika

Parakanoa

Higinio Rivero

Plentzia

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun