2013ko martxoaren 30ean, Xabier Lopez Peña Parisen preso zutela hil zen, gaixotasun larri batek jota, beharrezkoak zituen laguntza medikua jaso ez izanaren ondorioz. Euskal preso politikoei ezartzen zaizkien neurri kriminalek beste euskal preso politiko bat heriotzara kondenatu zuten. Ez da azkena izan, 2014ko otsailean Arkaitz Bellon, Elorrioko presoa hilik aurkitu zuten Puerto de Santa Mariako ziega batean. Egun mantentzen diren neurri horien ondorioak pairatu izan ditugu eta berriz gertatzeko arrisku larria dago.
2013ko Gazte Danbadako manifestaldian, Xabier Lopez Peña gogoratzea eta espetxe politika kriminala salatzea terrorismoa goratzea zela argudiatuz, Mikel Moreno “Peyejo” algortarra eta Ernaiko beste kide batzuk akusatu gisa deklaratzeko deitu zituzten 2013ko irailean.
Xabier Lopez Peñaren gorpua ekartzean, estatuen guda-estrategiaren beste urrats bat ezagutu genituen: apirilaren 15ean Guardia Zibilak Lamiakon Iker Rodrigo lutxanatarra atxilotu zuen, Sondikako aireportuan izandako harrera antolatu eta terrorismoa goratu izanaren akusaziopean.
2013ko testuinguruan Sortu eta Ernairen ilegalizazio hotsek indarra hartzen zihoazen eta bi operazio polizial haiek norabide horretan kokatuta zeuden, Ernai eta Sorturen balizko ilegalizazioentzako frogak ziren. Baina ez hori bakarrik, preso eta iheslarien aldeko lanaren kriminalizazioan beste urrats bat ere izan ziren. Mezu argi batekin; presoen aldeko edozein urratsen aurrean Estatua parez pare aurkituko duzue. Eta aurkitu dugu. Baina jai daukate, errepresioaren bitartez preso eta iheslarien aldeko lana moztuko dutela pentsatzen badute.
Ekainaren 11an, “Peyejo”; eta 16an, Iker, epaituko gaituzte Madrileko Auzitegi Nazionalean, bakoitzarentzat urte eta erdiko espetxe zigorra eta hamar eta hamabi urteko inhabilitazio eskaerei aurre egin beharko diegularik. Garai hauetan anakronismoa ematen duen arren euskal herritarrak epaitzen jarraitzen dute Auzitegi Nazionalean eta tamalez ez gara eskualde honetako azkenak izango, oraindik epaiketaren zain baitaude Gabi Basañez, Marije Fullaondo, Oskar Sanchez, Xabier Arruza eta Erika Bilbao, besteak beste.
Bi urte baino gehiago pasa dira gertakari haietatik eta zoritxarrez egoerak ez du hobera egin. Euskal jendartearen gehiengoak presoen etxeratzearen aldeko aldarrikapenarekin bat egin arren euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriek haien egoera okertu besterik ez dute egin. Bereziki larria direlarik gaixo dauden presoekin darabilten mendeku politikak, heriotza-zigorrak baitira.
Bi urte hauetan presoekiko elkartasunaren kriminalizazioa areagotu egin da eta abokatuak, preso ohiak, senideak, psikologoak eta mugimenduetako kideak atxilotu dituzte, Estatuarentzat denak balio baitu presoen kontra egiteko, gehiengo sozialak eskatzen dituen aldarrikapenei muzin egiteko.
Kartzelak huts ditzaten garaia da. Estatu espainola Euskal Herriaren kontrako norabidean egin du beti. Eta oraingoan ere bai. Kartzelak hutsik uzteko garaian, kartzelak betetzeko hautua egiten duela dirudi, hausnartuz, kalkulatuz, euskal herritarrak kartzelara bidaliz, Euskal Herriak egin beharreko ibilbidea geldituko duelakoan. Oztopa dezake, argi dago, bidea zail dezake, noski, sufrimendua areagotzea lor dezakete, duda barik, baina egindako hautuari eutsiko diogu herri libre bat lortu arte. Bai, herri libre bat amesten dugu, herri libre baten alde lan egiten dugu eta herri libre batek ezinbesteko osagai bat behar du: pertsona libreak.
Estatuak jakin badaki hori eta horregatik bere esku dagoen giltzari gogor eusteko ahaleginetan dabil, kartzeletako giltza kendu behar diogu. Denon artean Euskal Herri librea eraikitzeko kartzelak hustu nahi baditugu, presoen aldeko aldarrikapenari eustearekin ez da nahikoa, biderkatzea dugu erronka. Kartzeletako giltza Estatuaren eskuetatik euskal herritarron eskuetara pasatzeko era bakarra antolakuntza, aktibazioa eta mobilizazioa da, argi utzi digute ez digutela ezer ere oparituko, argi utzi digute orain arteko gerra estrategiari helduko diotela... Argi utzi behar diegu ez dugula amore emango; argi utzi behar diegu aurrera egingo dugula; argi utzi behar diegu ez garela geldi egongo azken preso politikoarekin batera herri honen alde kalean lan egin ahal izan arte.
Iker Rodrigo Basterretxea, Sortuko militantea.
Mikel Moreno, “Peyejo” Ernaiko militantea.