2016ko lan-egutegiaren inposaketa Leioako udal euskaltegiko langileei

Erabiltzailearen aurpegia inakileioa 2016ko api. 29a, 10:39

2016ko martxoaren 21ean Leioako udalak onartu zituen udal  euskaltegiko langileen 2016ko lan-egutegiak (irakasleena eta administrariarena) Leioako Euskararen Erakundearen Kontseilu Artezkariaren  bileran. Egutegi horiek ez zeuden hitzartuta erakundearen eta langileen artean, langileek negoziatzeko denbora gehiago eskatua bazuten ere. Kontseilu Artezkaria osatzen duten gainerako alderdiek ere bilera atzeratzeko eskatu zuten,  udal-gobernuaren eta langileen arteko desadostasuna ikusita.

Bilera iskanbilatsua izan zen, batetik, batzordeburuak erabilitako formengatik eta, bestetik, egutegia inposatu nahi  izateagatik,  eta, hori dela eta, udal-gobernuan ez dauden alderdiek euren desadostasuna agertu zuten,  PSEko ordezkariak barne, nahiz eta azken honek bozketan udalak inposatutako egutegiei baietza eman bileraren amaieran. Horrela, beraz, onartu ziren.

Udal euskaltegiko langileek 30 urte daramatzate lan-egutegia aurkezten Leioako Euskaren Erakundearen Kontseilu Artezkarian, edo, zuzenean, batzordeburuari , eta 2016ran arte ez da urterik izan adostasunik egon ez denik, horrela frogatuz udalak beti izan duela akordioa lortzeko asmoa eta borondate ona.

Lan-egutegi horiek Udalhitzen arabera (tokiko langileen lan-hitzarmena)  egiten badira ere, urteak joan urteak etorri, aldaketak izan dituzte lan-hitzarmenak aldatu diren heinean , eta baita langileen eta udalaren arteko itunei esker ere. Itun horiek beti hobetu dituzten Udalhitzek ezartzen dituen gehienezko baldintzak.

Udal hauteskundeen ostean,  Leioako Euskararen Erakundea kide berriek osatu dute, eta osakera horretan udal gobernua duen alderdiak du lehendakaritza, orain arte izan den legez. Gure harridurarako , arazoak hasi dira lan-egutegia proposatzeko momentuan, ordura arte udalaren eta euskaltegiko langileen arteko harremanak nahiko onak baitziren. Udalak proposatu zuen  (eta horrela onartu ere) administrariarentzat urtean 62 ordu gehiago eta irakasleen kasuan 23 ordu gehiago, gainera azalduz hurrengo urtean –2017an—irakasleek beste 40 ordu gehiago egin beharko dituztela, Udalhitz “bete”behar dela argudiatuz, kontuan hartu gabe Udalhitzek berak langileen lan-baldintzetan hobekuntzak onartzen dituela, eta, beraz, gezurra da  euskaltegian Udalhitz bete ez dela.

Udal euskaltegiko langileok ez dugu onartzen urteetan eta urteetan hitzartutako  lan-baldintzak txarragotzea inposaketaz, Udalhitz betetzen ez dugulako aitzakiapean. Udalak erabaki du orain arte aurreko udal gobernuekin borondate onez lortutako akordioak bertan behera uztea, udal euskaltegiko langileen baldintzak errespetatu gabe.

Hemendik aurrera, udal euskaltegiko langileok hainbat protesta-ekintza egingo ditugu udalak gure eskubideak errespeta ditzan, udalari eskatzeko akordioetara heltzeko borondate izan dezan, aurreko gobernu-taldeek izan dutena…

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun