Areetako Sener enpresan bukatuko da bihar armagintzaren aurkako martxa

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo FM 2017ko api. 21a, 22:22
Eurofighter bat Taurus KEPD 350 misil bat jaurtitzen. Senerrek misil horiek saldu zizkion Espainiako Defentsa Ministerioari. © MBDA SYSTEMS

Gastu Militarraren eta Armagintzaren Kontrako X. Martxa antolatu dute biharko, zapatua, Bizkaiko zenbait erakunde ekologistak, antimilitaristak eta internazionalistak. Txirrindulari-martxa Areetako Cervantes kalean amaituko da, Sener ingeniaritza eta armagintza enpresaren aurrean. Lantegi horiek industria sozialeko enpresa bihurtzeko eskatuko dute. "Errefuxiatuak eragiten dituzten gerrak Euskadin hasten direla" gogorarazi dute antolatzaileek, EAEko armagintzako lantegiei erreferentzia eginez.

Gastu militarraren kontrako astearen barruan egingo dute martxa hori. Goizeko 11:00etan abiatuko da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurretik, Bilboko Kale Nagusitik. Bizkaiko hiriburutik Barakaldora hurbilduko dira txirrindulariak, Precicast militar lantegira, hain zuzen ere; Enpresa horrek osagaiak egiten ditu, Airbus A400M hegazkin militarrenak eta Europako hegazkin bonbaketarirenak. Ondoren, bukaeran, Areetako Sener nazioarteko enpresaren aurrera helduko dira. Enpresa hori elkarlanean dabil Rafael eta Israel Aircraft Industries LTD Israeleko armagintza-enpresakaz, kolektibo antimilitaristen arabera. Vulcan programaren barruan, material aereonautiko berriak diseinatzen ditu Israel Aircraft Industries enpresarentzat, 5 milioi euroko fakturazioagaz. Rafaelentzat, ordea, Israelgo hegazkin militarretarretako sensoreak diseinatzen ditu; sensore horien zeregina bonbardeatu behar duten helburua aurkitzea eta ardaztea da. Gainera, Sener Estatu espainiarreko misilen arloan bigarrena omen da; aire- eta espazio-arloan, seigarrena; eta armagintzarenean, hamabigarrena. Hala, Sener Europa mailan enpresa liderra da, hainbat arlotan: Ekintza eta Kontrola sistemetan, eta Taurus KEPD 350, IRIS-T, RBS 70 NG, METEOR eta NSM misilentzako Inteligentzia, Zaintza, Ezagutzea eta Sistema Integratuak aplikazioetan.

Ekimenaren antolatzaileak honakoak dira: Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, Kem-Moc eta Komite Internazionalistak. Martxa horren bidez salaketa bikoitza egin nahi dute antolatzaileek: "alde batetik gastu militarrerako eta armagintza bultzatzeko euskal instituzioek gero eta diru gehiago desbideratzen dutela, eta beste aldetik euskal armagintzaren eta Israelgo Armadaren artean dagoen harremana". Euskal armagintzan 100 bat enpresak parte hartzen dute, iturri berberen arabera; armagintzako fakturazioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa estatuko hirugarren postuan dago, Madril eta Andaluziaren atzetik.

Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera, material militarraren fakturazioan EAEko enpresa bi Estatu espainiarreko 10 enpresa handienen artean kokatuta daude: ITP seigarrena da, eta Aernnova zortzigarrena.

Euskal armagintzako enpresek urtero, gutxi gorabehera, 800 milioi euroko gai militarrak saltzen dituztela gogora ekarri dute. Erosleak hainbat dira: "Estatuko Defentsa eta Armadaren Ministerioa, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Brasil, Arabia Saudi, Maroko, Israel, Yemen eta Siria, besteak beste. Negozio horren mozkinak 150 milioi eurotakoak dira".

Gobernu eta erakundei proiektu militarretan eta gatazketan gastatzen duten dirutza osasunan, hezkuntzan, etxebizitzan edota beste gastu sozialetan inbertitzeko eskatu dute sei kolektiboek. Gogorarazi dutenez, arlo horietan "gero eta murrizketa gehiago pairatzen ditugu, dirua ez dagoela aitzakiaz, baina benetako errealitatea honakoa da":

  • Defentsa Ministerioaren aurrekontua aurten %30an haziko da, 2017.urtean 5.734 milioietatik 7.558 milioikoa izatera pasako da.
  • Honetaz aparte badaude kontutan hartu beharreko beste zenbait kopuru. Klase pasiboak eta erakunde militarrak (5.300 milioi), Barne Ministerioa (2.800 milioi) eta Industria Ministerioa (700 milioi euro).
  • Gainera, 2016 eta 2017ko armamentu planei dagokien zorra ordaintzeko 1.824,5 milioi gastatuko dira (2017rako 1.107 milioi, eta 2016tik ordaintzeke dauden beste 716). Armagintza proiektuarekin lotutako zorra 21.000 milioietakoa da. Zehazki, Pizarro eta Leopard 1.500 tanke; Eurofighter hegazkinak, urpekuntziak, Tigre eta NH-90 helikopteroak eta misilak erosteko, besteak beste.
  • Hurrengo 10 urtetan gastu militarra igoko dela iragarri dute, BPGko %2a izan arte.

Hori dena salatzeko, eta armagintzak bere burua "industria zibil" bihur dezan eskatzeko, egingo dute bihar txirrindularitza-martxa. Elkarteek gogorarazi dutenez horrelako adibide bat gertatu zen Euskal Herrian duela urte batzuk: Orbea enpresa hasi zenean pistolak, rebolberrak eta arma motzak egiten zituen. Gaur egun, Orbeak bizikletak egiten ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun