Kobrak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Astiz 2025ko ots. 7a, 13:39

"Praktikatu egin behar duzu". Polly lagunari kobrak nola egin irakasten ziola kontatzen du Jonek, Miren Amurizak idatzitako Pleibak nobelako pasarte batean. Joneren arabera, lagunak benetan nahi baino errazago amaitzen baitu nahi ez duen mutilekin enrollatzen. "Eta eskuak! Adi beti eskuei. Ikusten? Konturatu zarenerako titia sobatzen ari nintzaizun".

2000ko hamarkada inguruko giroa kontatzen du nobelak, bi protagonista nerabe horien arteko harreman libidinal eta, aldi berean, tirabiratsuaren bidez. Eta liburu osoa hartzen duen tonu jostari eta, aldi berean, gardenaren erakusgarri da kobren entrenamenduaren anekdota. Bi neskak dibertitu egiten direlako elkarrekin mutilen muxuei nola iskin egin ikasten, eta, era berean, pasadizoak argi erakusten duelako zer nolako bortizkeria izan den nagusi maiz segurutzat jotako hamaika esparru eta lagunartetan.

Idatzita dago. Argi irakurtzen da.

Durangoko Azokan, deigarri egin zitzaidan, ordea, Amurizari liburua sinatzeko eskatu ondoren, zenbat eta zenbat mutilek egiten zizkioten antzeko oharrak: "Nire neskalaguna/alaba/amarentzako da". Entrenatu gabe ere, maiz, gizonezkooi erraza zaigu errealitate batzuei kobra egiten segitzea.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun