Zer da eskaut izatea?
Balio batzuk izatea, oro har kristauak, baina beti gizartearekin eta naturarekin lotutakoak, munduaren eraldaketari begira. Hortaz, balio batzuk izatea, eta horiek zure herrian eta zure herriko haurrekin islatu nahi izatea.
Zelakoa izan da 25 urteko ibilaldia?
Gauza asko gertatu dira 25 urte hauetan. Hasiera batean, apur bat ahul hasi zen taldea, hasiera guztien moduan. Garai zailak ere bizi izan ziren, begirale aldetik kopuru nahikoa ez zegoelako hainbeste umeri arreta eskaintzeko. Hala ere, gaur egun esan genezake azken urteotako garairik onena bizi dugula; ume piloa dugu, eta begirale asko ere bai. Guztira, 110 ume ditugu, gutxi gorabehera, 8 eta 18 urte bitartekoak, eta horiekin batera, 15 begirale gara.
Aisialdia sustatzeaz gain, gizarte «hobeago» baten alde egiten duzue lan...
Bai, eskaut-taldea hiru bloketan dago banatuta: heziketa, fedea eta gizartea. Gizarteari dagokionez, natura ezagutzea eta herrian eragina izatea bilatzen dugu. Horretarako, etorkinekin, jende behartsuarekin eta udalerriko nagusiekin harreman zuzena izaten saiatzen gara. Horren harira, 25. urteurreneko ekimenak gizarteari lotutakoak izango dira ia denak. Gero, herriko ekimenetan parte hartzen saiatzen gara, berbarako, Bizarra Lepoanek Euskararen Egunean egiten dituen ekintzetan.
Zilarrezko ezteiak ospatzeko, hainbat jarduera antolatu dituzue urte honetarako, zeintzuk?
Gehienak gizarteari lotutakoak izango dira. Adar txikienak nagusien etxeetara joan dira abestiak kantatzera eta alaitasuna zabaltzera. Gero, 13-15 urte artekoek behartsuenentzako jakiak bilduko dituzte supermerkatuetan. Nagusiagoak direnak, gainera, mantak batuko dituzte; eta nagusienak Argia fundazioarekin boluntario ibiliko dira, laguntzen eta haiekin egoten. Halaber, talde osoko ekintza bat egitea aurreikusi dugu, naturarekin lotutakoa; oraindik ez dago zehaztuta, baina baliteke Berangora joatea, kiskalitako eremuan zuhaitzak landatzera. Halaber, Villamonteko kultur etxean eta Algortako merkatuan, taldearen argazki-erakusketa ikusi ahal izango da egunotan. Azkenik, martxoan jaialdi bat ere egingo dugu.
Horiez gainera, zer-zelako jarduerak antolatu ohi dituzue?
Bi motatakoak: batzuk lokalean, eta beste batzuk kanpoan. Bizikidetzak ere egiten ditugu, talde osokoak zein adarkakoak. Uda aldean, gainera, kanpamentua egiten dugu.
Zein hizkuntzatan egiten dituzue jarduerak normalean?
Euskara eta gaztelania tartekatzen saiatzen gara. Eskubeltz hasi zenean, ez zen euskaraz egiten, eta orain apurka-apurka euskara erabiltzen hasi gara. Gure helburua da adar txikienek euskaraz egitea, gaztelaniarekin tartekatuta. Adar nagusiei dagokienez, euskararen garrantzia erakusten saiatzen gara, eurek gure hizkuntza erabiltzeko nahia izan dezaten.