Sakonean

Ikurrina dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 20a, 13:57

Ikurrinagaz dantzatu zuten lehenengo aldia, 1976ko abuztuaren 4an. © SIMON DE OTXANDATEGI TALDEA

Berangoko Simon de Otxandategi dantza-taldeak ikurrinaren aldeko hainbat ekimen egin zituen 1976an. Orduko protagonistei gorazarre egingo diete urriaren 21ean, barikuan, Berangoko pilotalekuan antolatuko duten ekitaldian.

Frankismo garaian euskaraz berba egitea debekatuta zegoen, eta euskal kulturaren inguruko edozein ekintza legez kontrakotzat jotzen zen. Hori dela-eta, euskararen eta euskal munduaren inguruko edozein ekintza klandestinitatean egiteko beharra zegoen. Hala ere, diktadura indarra galtzen joan heinean, hazten hasi ziren euskal kulturaren kimuak Euskal Herriko txoko askotan.

Franco hil ostean, demokraziaren aro berrira sartzeko trantsizio politikoaren prozesuan sartu zen Espainia, baita Hego Euskal Herria ere. Ostera, diktadorea hil eta hurrengo urte bietan, oraindik ere hainbat ikur publikoki erakustea ilegaltzat jotzen zen, berbarako ikurrina. Legez kanpo utzi zuen ikur hori hasiera-hasieratik frankismoak, eta diktaduran debekatuta egon zen ikurrina kaleratzea Hego Euskal Herrian, 1977ko urtarrilaren 19ra arte. Egun horretan ikurrina legeztatu zuen Espainiako legediak, eta Euskal Autonomi Erkidegoko bandera ofizialtzat hartu zuen.

Trantsizio garaian, frankismoaren azken urteetan loratutako gizarte-mugimenduek lanean ziharduten, errepresioaren gainetik, gure kultura eta ikurrak aldarrikatzeko, eta biziki gura zuten askatasunaren alde. «Garai horretan denok ginen bat, helburu komuna genuen», azaldu du Berangoko Simon de Otxandategi dantza-taldeko presidente Iñaki Gonzalezek. Euskal kulturaren alde urte luzez lan egin duen eta beharrean segitzen duen taldeetako bat da Berangoko Simon de Otxandategi. Gerraostean sortu zen taldea, 1943an; ordutik hona, modu etengabean jardun dute dantzan, euskal kulturaren alde, euskal izaera bultzatu guran. «Talde kulturala gara, eta Euskadiren aldarrikapenagaz lotutako edozeregaz, txikia bada ere, gure ekarpena egiteko prest egon gara beti», dio Gonzalezek.

Ikurrina legeztatzeko bultzada

Hala, besteak beste, ikurrinaren ofizialtasunaren alde borrokan ibilitakoa da Berangoko Simon de Otxandategi taldea. Franco hil eta hurrengo urtean, 1976an, ikur horren aldeko ekimen ugari egon ziren han eta hemen, eta horietatik entzutetsuena Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar futbolariek ikurrinagaz egindako agerraldia izan zen, Donostiako Atotxa futbol zelaian. Urte hartako abenduaren 5ean, Erreala eta Athletic Club taldeen arteko partidan, ikurrina eskuetan zutela irten ziren zelaira talde bietako kapitainak. Hala ere, hori ez zen izan ikurrinaren lehenengo agerraldi publikoa, inondik inora.

Iñaki Gonzalezek dioenez, Simon de Otxandategi dantza-taldeak ikurrinagaz egin zuen agerraldia, lehenengo aldiz, Berangoko Santo Domingo jaietan, 1976ko abuztuaren 4an. «Ikurrina legez kanpo zegoen oraindino, eta horren aldeko bultzada bat eman beharra zegoela uste genuen». Hala, jaietako egun handian, Meza Nagusiaren ondoren, udalerriko landa jendez lepo zegoela aprobetxatuz, ezkutuan ondo gordetako ikurrina atera eta horregaz dantzatzea erabaki zuten. «Taldeko kide den-denek ez zekiten zer egingo genuen, gizonezkoen taldekoek baino ez. Ostera, horietako batzuek ez zuten ekintzan parte hartu gura izan, beldurrez...».

Landan batutako herritarrek harrituta bezain ilusio handiz ikusi zuten urte luzez debekatuta egondako bandera; baina, ikurrina atera eta bost minutura, Getxoko kuarteleko guardia zibilak agertu ziren, eta zelaian batutako auzokide guztiek galapan ospa egin zuten. Gonzalezek gogoratu duenez, «dantzariak bakarrik gelditu ziren, zur eta lur, beldurrez, guardia zibilek zer egingo itxaroten».

Getxoko Guardia Zibilaren sarjentua hurreratu zen bertara, eta Jesús Iturregui Berangoko alkateagaz batu zen. Une hartan deitu zuten Iñaki Gonzalez, dantza-taldeko presidentea baitzen. «Oso urduri joan nintzen eurengana, atxilotuko gintuztela uste nuelako. Baina alkateak esan zuen ‘ikusi, gazteak dira; koitadu hauek ez dakite ezta zer egiten duten ere’. Hala defendatu ginen, eta ez zen egon inolako errepresiorik gure aurka», birgogoratu du.

Guztira, 12 mutilek dantzatu zuten egun hartan ikurrinagaz, Berangokoak eta inguruko herrietakoak. Gazteenak 15 urte zituen, eta horien ausardia omentzeko asmoz, ekitaldia egingo dute barikuan, hilaren 21ean, Berangoko frontoian. Iñaki Gonzalezek iragarri duenez, egun horretan bertan jakinaraziko dituzte dantzari haien guztien izen-abizenak. Modu berean, ekintza horrez gainera, orain dela 40 urte egindako beste ekimen bi ekarriko dituzte akordura. Izan ere, Berangoko landan ikurrinagaz egindako ekintzaren ostean, dantza-taldeak askotariko ekimenak antolatu zituen, baina ia gehienak pribatuan.

Publikoki egindako hurrengoa Getxo Kirol Klubak Iribarri omenaldia egiteko ekitaldian izan zen, urte bereko urri hasieran. «Horretan Errealeko eta Athletic Club taldeetako beteranoek jokatu behar zuten. Partida horren deskantsuan dantza egiteko eskatu ziguten, eta hala egin genuen, ikurrina eta guzti», azaldu du Gonzalezek. Akorduan duenez, norgehiagoka Fadurako zelaian izan zen, eta milaka lagun hurreratu ziren omenaldira. Giroa oso politikoa zen, askotariko pankartak ikusi eta oihuak entzun ziren bertan. «Iribarrek egin zuen lehendabiziko sakea… baina ikurrinagaz dantza egin genuenean giroa egundokoa izan zen, aldarrikapenez beteriko oihuek burrunba izugarria sortu zuten».

Dantza-taldeko presidenteak oroitu duenez, dantza egin eta gutxira Guardia Zibila zelaiaren kanpoan zegoen, euren zain. Hala ere, dantzariek aldatzeko arropa gordeta zeukaten publikoaren artean, eta modu horretan, oharkabean pasatzea lortu zuten. Baina, polizia militarra publikoaren kontra oldartu zen, «garai zailak ziren ordukoak. Guardia Zibilak egurra eman zuen egun hartan». Apurka-apurka giroa berotzen joan zen, eta Simon de Otxandategi taldekoek kontu horren aldeko beste zerbait egin gura zuten. Hala, bilera baten ostean, ikurrina Berangoko elizaren dorrearen puntan eskegitzea erabaki zuten.

Ekintza 1976ko urriaren 24an egitea erabaki zuten, domeka izan zen. Gauerdia zen, haizea zebilen, euria egiten zuen eta gaua hotza zen. Dorrera igotzeko bidea tximistorratzetik egin behar zuten, «zaharra zen, solte zegoen eta txarrantxaz inguratuta zegoen». Halere, ekinez, ezinezkoa zirudiena egitea lortu zuten: 2 metroko luzera eta 1,4 metroko zabalera zuen ikurrina dorreko puntan eskegi zuten.

Atzera begira ipini eta egun hura ondo akorduan dauka Iñaki Gonzalezek. Ekintza burutu zen egunean bertan ere inguruko lantegi bateko beharginak greban ziren. Hori dela-eta, Guardia Zibilaren jeep bi geldirik zeuden Simon Otxandategiren omenezko bustoaren ondoan, eliza parean; «gure bila zetozela uste izan genuen, baina grebagatik zeuden han».

Hurrengo egunean, ikurrina Berangoko punturik gorenean eskegita zegoela, Bilboko Guardia Zibilen kapitaina hurreratu zen bertara. «Suhiltzaileak sartu gura zituzten, baina kamioia ez zen bidetik sartzen», oroitu du dantza-taldeko presidenteak. Ekimena hain arrakastatsua izan zen, udalerriko batek txantxetan zera esan zuela: «ETAko hauek la ostia dira; Guardia Zibila jeepean, eta ETAkoak helikoptero eta guzti ikurrina ipintzeko!». Kontuak hala, euskaldunon banderak Berangoko elizaren dorrearen puntan eskegita iraun zuen hainbat hilabete, erori zen arte.

Ekintzaileei gorazarre egiteko ekitaldia

Ikurrinaren aldeko hiru ekintza horiek gogoratzeko eta horietan parte hartu zuten guztiak omentzeko asmoz, ekitaldi berezia egingo du Simon de Otxandategi taldeak barikuan, hilaren 21ean, Berangoko frontoian. Hitzordua 20:00etan ipini dute, eta, bertan, den-dena zelan egin zen kontatzeaz gainera, garaiko argazkiak eta grabazioak erakutsiko dituzte. Halaber, ekintza horietako protagonista guztiak zeintzuk izan ziren jakinaraziko dute, «izen eta abizenakaz».

Iñaki Gonzalezek nabarmendu duenez, Simon de Otxandategi Berangoko talde kulturala da, erdi-profesionala, baina baita aldarrikatzailea ere, «laguntzeko prest gaude beti. Dantzatu eta kantatzeaz gainera, laguntzeko ere bagaude». Izan ere, gaur egun, Simon de Otxandategi hiru taldek osatzen dute: joaldunak, dantza-taldeak eta abesbatzak. Eta Gonzalezek dioenez, talde horietakoren batean parte hartu duten guztiena da Simon de Otxandategi, «elkarte bat ez du egiten pertsona bakar batek, baizik eta horretan une batean edo bestean parte hartu duten guztiek». Era berean, euskal kulturaren alde lan egiteko prest dagoen edonork parte har dezakeela adierazi du, «ez dugu inor ere baztertzen».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun