Hamabost urte igaro dira daborduko Euskal Herriko Bilgune Feministak aurrekoengandik lekukoa hartu eta bide berriari ekin zionetik. Euskal Herri feminista bat eraikitzeko «nahi eta anbizio politiko izugarriz» jaio zen antolakundea 2002an, Donostian. Euskal Herriko nazio-proiektu politiko berri bat osatzeko beharrari erantzun zion bilgune horren sorrerak. «Egiteko era berriak, sareak josteko era berritzaileak izan ditugu helduleku nagusi», azaldu dute emakume feministek. Bide horretan, euren jardunbide nagusiak izan dira sistema patriarkalaren «atzaparrak» agerian ipini eta aurre egitea berdintasun politikei, diskurtsoei eta praktika faltsuei, «baita emakumeon bizi-baldintzak hobetzea eta pertsonen arteko harreman eredu berriak sortzea ere».
Burujabetza feminista erdiesteko hamabost urteko borroka egin dute Euskal Herriko ehunka emakumek, eta «indar feminista artikulatzen, ehuntzen eta zaintzen» jarraituko dutela argi dute. 2002an definitutako plan estrategikoa ardatz izanda lan egin dute. Halere, aitortu dute bide hori gurutzatu egin dutela etengabeko aldaketek: «Euskal Herriaren egoera sozialek, politikoek eta ekonomikoek; feminismoen bilakaerek eta eguneraketek; patriarkatuaren formek; euskal feminismoan edo feminista gisa jarduteko moduek; bizitza ereduek; militantzia ereduek; Bilgune Feministako militantziak eta egiteko moduek». Hortaz, Bilgune Feministaren jardunak etengabeko eguneraketa eta egokitzapena behar izan du. Horretarako, oinarri nagusi bi izan dituzte: konpromiso politikoa eta aliantzak. «Euskal Herriaren burujabetza feminista erdiesteko anbizio politikoz jaio ginen, eta, gaur egun ere, apustu hori dugu. Horretarako, indar feminista artikulatzen, ehuntzen, zaintzen jarraituko dugu; azken finean, kolektiboki borrokatzen», azaldu dute Euskal Herriko Bilgune Feministako kideek.
Bilgune Feministaren hamabosgarren urteurrena aprobetxatu gura dute antolakundearen barruan dauden erronkak mahai-gaineratzeko eta bide horretan euren konpromisoa berresteko. Ondarroan egindako VI. Topaketa Feministetan, «trantsizio feministaren» oinarriak adostu zituzten, baita etorkizuneko hiru erronka nagusi identifikatu ere. Hala, Euskal Herriaren burujabetza feministaren inguruko eztabaida soziala sustatzea dute helburu. Horrez gainera, ondo bizitzearen kontzeptualizazioan eta praktikan sakondu gura dute, pobreziari eta prekarietate-neurriei aurre egiteko ekinbideak bazterrean utzi barik. Modu berean, burujabetza feminista erdiesteko «lidergo feminista» indartsu bat ehuntzeko beharra ikusi dute. Hartara, jakinarazi dute urteurrenaren lanketa horri guztiari lotuta dagoela.
«Feminismoak egiten gaitu herri»
Urteurrena ospatzeagaz batera, Bilgune Feministaren proiektu politikoak dituen ildo eta erronka ezberdinei helduko diete askotariko ekimenakaz. Ildo horietako bat da «gatazka politiko armatuaren konponbidean feminismotik eragitea». Oraingo honetan, «emakumeak eta kartzela» gaian sakondu gura dute; hala, Valladolideko espetxera martxa feminista egingo dute zapatuan, hilaren 11n; urteurrenaren lehenengo ekimena izango da hori. Bertara joateko arrazoietako bat da bertan emakume preso politiko bakarra dagoela (Naikari Otaegi donostiarra). Guztira 12 dira espetxeetan bakartuta dauden emakume preso politikoak; halere, «Valladolideko egoera kaxkarrak eta Euskal Herritik «gertu» egoteak bertara hurreratzea eragin du». Besteak beste, «azken finean, ekimen jendetsu eta parte-hartzailea izatea nahi dugu; horregatik, egun berean joateko eta itzultzeko martxa izango da». Batirtze Lertxundi, Lur Moragues eta Uxune Iriondo Algortako Bilgune Feministako kideek azaldu dutenez, ekimen hori «elkartasun keinu bat» izango da. Diotenez, «euskal preso politikoen kolektiboan emakumeak gutxiengoa dira; halere, bakartuta dauden gehienak dira». Azaldu dutenaren arabera, «dispertsioa salatu nahi dugu, baita espetxearen funtzionamendua ere. Zigortzeko tresna bat besterik ez da, pertsona zein militante gisa jipoitzeko», azaldu dute.
Espetxera martxa egiteaz gainera, Euskal Herriko Bilgune Feministak beste hainbat ekimen egingo ditu urte osoan, berbarako sozio-ekonomia mintegia, martxoaren 25ean; VII. Topaketa Feministak, maiatzaren 6an; eta erakundetze feministaren inguruko mintegia, ekainaren 6an.
Euskal Herriko Bilgune Feminista antolakunde feminista eta abertzalea da, Euskal Herrian egondako tradizio feministaren ondorioa. Sorrera garaian, aipatu zutenez, «hirurogeita hamarreko hamarkadatik gaur egun arte, esparru desberdinetan eta ahalegin handiz, praktika eta teoria feminista bultzatu dituzten emakumeen eta talde feministen ondorioa gara. Gauzak aldatzeko, ezkutuak izan diren gure eta gure herriaren historia, hizkuntza eta errealitatea transmititzeko kemena izan duten emakumeen leinukoak gara gu geu».
Algortako Bilgune feministako kideek akorduan dutenez, nazio-mailako taldea topaketa batzuk egin ondoren sortu zen: «horiei begira manifestu bat kaleratu zen, izenburua zuen Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzera goaz. Hortxe finkatu ziren garai hartan zeuden beharrak». Aldez aurretik, 2001eko abenduan egindako topaketa batzuetan, antzeman zuten euskal feministak batzeko erakunde baten beharra zegoela. Ondoren, hurrengo urteko apirilaren 20an aurkeztu zuten Euskal Herriko Bilgune Feminista, Donostian, lehen aipatutako agiria oinarri hartuta. Azaltzen dutenez, hor hiru lehentasun ezarri zituzten: emakumeen bizi-baldintzak hobetzea; Sexu-bereizkeriaren garapen historikoa, bere ondorioak eta gaur egun duen gauzatzeko era jendartean ezagutaraztea; eta Sexuen arteko bereizketa hierarkikoa gaindituko duten harreman pertsonal eta kolektiboak sortzea. Halere, Algortako Bilgune Feministakoek zehaztu dute hasierako helburu horiek ere aldatuz joan direla urtez urte, «beharrizanen arabera».
Diotenez, «emakumeok ahaldunduz eta jabetuz goazen heinean, jakin-mina pizten doa. Aldatzeko gogoa indartzen da, eta lehen ikusten ez genituen gauza asko ikusten hasi gara orain. Eta horrek fronte matxista guztiengana heltzea eskatzen du». Gauzak berrikusteko eta aztertzeko eredu hori «pizgarria eta pozgarria» dela diote, baina aldi berean «frustragarria» ere izan daitekeela aitortzen dute, «indarkeria matxista presente dagoelako non-nahi». Kontuak hala, Bilgune Feministaren jarduna gaur egungo errealitatera egokitzeko ahalegindu behar dutela argi dute.
Kolektiboki eta sarean lan egiteko beharra
Modu kolektiboan eta sarean lan egiten duen antolakundea da Euskal Herriko Bilgune Feminista, nazio- mailan zein herriz herriko talde-sareetan. Azken urteotan, ideologikoki bilakaera bat izan du erakunde feministak, «kolektiboki sortutako jakintzari esker», goraipatu dute Algortako kideek. «Praktika kolektiboa da; kolektibotik eragiten dugu. Gaur egun indibidualismoaren aroan bizi gara, eta talde-lanean ibiltzea oso baliotsua da». Modu berean, askotariko esparru sozialetan diharduten euskal emakume feministek osatzen dute antolakundea, konpromiso- eta dedikazio-maila ezberdinak uztartuz, eta eremu ezberdinetatik eragitea ahalbidetuz. Feministak izanda, bizitza sozialaren eremu guztietan ematen den bereizkeria sexualari eta sozialari aurre egin gura diote, «ez soilik gure aldarrikapenen bidez, baizik eta gure egunerokotasunean, lan egiteko eran, irudian, hizkuntzan, harremanetan, kirolean, kulturan...».
Sastraka anti-sexista, aitzindari
Uribe Kostan dagoen Bilgune Feministaren talde bakarra da Algortakoa. Lehen, Leioan ere talde bat egon zen, baina daborduko ez dago martxan. Algortako taldearen kasuan, Sastraka Anti-sexista taldea akorduan dute Lertxundik, Moraguesek eta Iriondok: Sastraka gaztetxea zegoen orduan, eta sexismoaren kontrako talde mistoa osatu zuten hainbat gaztek. Ondoren, hainbat bilera egin ziren eskualdean, eta talde hartako batek proposatu zuen Bilgune Feministaren taldea osatzea, 2003-2004. urteetan beren-beregi. Ordutik, herrigintzan lan egiten duten bestelako hainbat taldegaz elkarlanean jardun dute, baita eskualdeko beste talde feministakaz ere. Azken horiekaz Koordinadora Feminista ipini dute martxan, kasu jakin batzuetarako elkarlanean jarduteko. Koordinadoran parte hartzen dute Erandioko Txoko Feministak, Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak, Algortako Haziak taldeak eta Plentziako Sorginen Alabak taldeak, baita norbanakoek ere. Beste talde batzuekaz ere aliantzak osatu dituzte.