Egunez egun, jokabide horien erakusgarriak diren gero eta bideo gehiago ikus daiteke sare sozialetan, zeinetan egileak “emandako lezioez” harrotzen diren. Auto gidarien aplikazio ezagun batean ere poliziaren kontrolak non dauden salatzetik berrogeialdia urratzen dutenen berri ematera igaro dira erabiltzaile asko egunotan; poliziatik ihes egitetik poliziarena egitera, bai paradoxa. Baliteke susmoak egia izatea; hala ere, oinarririk gabeko ondorioak ateratzen dira askotan eta erasora jotzen da berrogeialdiak salbuespen kasuak onartzen dituen arren. Inbidia akaso?
Balkoietako “polizia” eta zuzentzaile horiek ez dute (edo ez dute nahi) kontuan hartzen zeintzuk diren kalean dauden pertsona horien errealitateak. Baliteke iluntzero txaloak eskaintzen dizkieten osasun-langile horietako bat izatea, izan lanera doana edo borrokaren lehen-lerroan hainbat orduz egon ondoren etxearen segurtasunera bueltan dagoen horietakoa. Baliteke egunero beharrezkoak ditugun baliabide eta lehengai denak supermerkatuan egoteko garraiolari edo merkatari bat izatea. Baliteke gure auzoko farmazia zabalik mantendu behar duen langilea izatea. Baliteke egunero informatuta egon gaitezen lanean diharduen kazetaria edo argazkilaria izatea. Baliteke autismoa duen umeagaz kalera atera behar duen ama edo aita izatea. Baliteke gure konfinamendua ahalik eta erosoen eta seguruen izatea bermatzeko beharrean dabilen pertsona izatea.
Utzi salatariarena egiteari; denok etxean gelditzeko beharra dugu, baina denok ezin dugu konfinamendua modu berean egin.
Konfinamenduak utzitako irudi batzuk Algortan