Bidaian joan gaitezen izurrite garaian

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 9a, 11:10

Urtez urte, Gabonak atzean utzi eta lanera bueltatu bezain laster, udako oporrei begira jartzen gara beti. Egutegia hartu, hura aztertu eta norberaren lanpostuari dagozkion jai-egunei opor-egunak batzen hasten gara. Erromatarrak ere harro egoteko moduko akueduktuak sortzen abilak gara. Horretarako, baina, askotan, lankideekin negoziatzeko beharra izaten dugu: utzidazu egun hau, eta tori beste hau, opor-egunak kromoak balira bezala trukatzera jolasean.

Aurten, baina, ez da nahikoa izango oporraldien iraupena finkatzea. COVID-19 izeneko gaitzak baldintzatuko digu langileoi deskantsurako tartea. Baliteke ez iazkoaren neurri berean, baina bai moduren batean edo bestean. Ez izan zalantzarik. Besteak beste, txertoa gora eta behera, Angela Merkelek Europar Batasunetik bidaiatzeko pasaporte berria proposatu du orain gutxi. COVID pasaportea deitu diote horri. Baina, zertan da hori? Bada, munduan erabiltzen hasiak diren hamaika txertoetako bat jarrita izatean. Horrekin, mugikortasuna bermatuta izango genuke. Baina, posiblea da udarako den-denok txertatuta egotea? Bada, orain arteko martxa ikusita, zalantza handiz. Betiere osasun-langilea, Lehen Hezkuntzako irakaslea, 100 urtetik gorakoa, polizia, politikaria edo Espainiako errege familiakoa ez bazara. Azkenengo bi talde horietakoek ez pentsa bidaiatzeari utziko diotenik, inola ere ez! 

Orduan, etxetik mugitzerik ez dugunok zer egin genezake oporraldiez gozatzeko? Zer dira, baina, oporrak? Bidaiatzea? Atzerrira joatea? Lekurik ikusgarrienean sare sozialetan igotzeko moduko argazki batean selfie bat egitea? Buruan duzuna azken hau bada, has zaitez Photosopean trebatzen, eta amestutako irudiak osa itzazu foto-muntaiak egiten; hamaika like jasoko dituzu Instagramean, ez izan dudarik. 

Obsesio handia dugu udaro urrutira joateko, oporretan berton gelditzea atsedenaldiari etekinik ez ateratzea delakoan. Beraz, birplantea dezagun oporretan bidaiatzearen gaia. Atzerrira joatea beharrezkoa dugu? Ezezkoa bada, aukera paregabea dugu orain gertukoa ezagutzeko. Baiezkoa bada, aldiz, zergatik joan behar dugu urrunera? Akaso hango kulturetan murgiltzeko? Helburua horixe bada, berri ona dut zuretzat, irakurle hori. Etxe ondoko liburutegira joan-etorria besterik ez duzu egin beharko amestu ezingo zenituzkeen hamaika abenturez gozatzeko.

Bizi dugun pandemia-egoera honek zalantza asko mahaigaineratzen ditu egunez egun. Ezinezkoa da aurreikustea hemendik eta bi asterako bizitza. Beraz, lasai egon. Batean zein bestean, egindako lanetik aldentzeko eta barealdian murgiltzeko tartea izango dugu. Izan ondoko herrira bisita egitea, bertako sekretuak deskubritzera; edo izan, etxeko sofan botata bada ere, liburu on bat eskuetan dugula, urrutira bidaiatzea. Gogoan izan letrek ahalik eta urrutien garraiatzeko gaitasuna dutela, lekutik mugitzeko behar izan gabe.

Oporrak opor, fisikoki bidaiatzeko aukera izan ala ez, gogoan izan oporrak deskantsatzeko direla. Horretarako, hamaika bide dituzu; zein aukeratuko duzu zuk?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun