Guztiz ez bada ere, eredu hori aldatu da, historian zehar jasan ditugun hainbat eragile direla eta, besteak beste: inbasioak; kolonizazioak, (Nafarroako Erresuma barne); Frantziako Iraultzak ekarritako korronte liberala; gerra karlisten galera (horrekin batera lur komunalen galera batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan); industrializazioa; iraultza berdea; eta, gaur egungo merkatu globaleko politikak.
Era horretara, bizitza balio gorena zuen eta egitura sozial eta ekoizpen-sistema komunitarioan oinarria zuen gizarte eredua beste gizarte eredu bihurtu da, gizakiak, natura kontrolatu eta nahi beste ustiatu dezakeen balioa duena eta kapitalismoan oinarritua dagoena.
Aipatutako eredu aldaketak zaildu egin du gaur egun ingurugiroarenganako errespetuzkoak diren praktikak martxan jartzea, hala nola laborantza ekologikoa, agroekologia edota laborantza iraunkorra. Topatzen dituzten zailtasunetako batzuk errentagarritasuna, belaunaldien erreleboa eta administrazioa dira. Azken horretan lurraldearen antolamendua da oztoporik handiena. %4 baino ez da Euskal Herrian bertan bai ekoiztu bai kontsumitzen diren elikagaiak. Gaur egungo lurraren erabilerak eta lehentasunak urbanizazio, kontraurbanizazio, industria eta bestelako azpiegiturak aurrera eramateko helburua dutela. Eta ez laborantzarako, are gutxiago ingurugiroarekiko errespetuzko praktiketarako.
Zeintzuk dira horren ondorioak gure gizartean? Batetik, elikagaiak Euskal Herritik kanpo inportatu behar izateak aztarna ekologikoa eta beste herrialdeekiko zor ekologikoa areagotu du. Beste alde batetik, belaunaldiz belaunaldi baserritarren natura eta kultura lotzen dituen laborantzaren ezagutza tradizionalaren transmisioaren galera ekarri du. Eta, azkenik, gure herriaren autonomia eta auzo-komunitatea oinarritzat eduki duen gizarte antolakuntza gainbeheratu da.
Ondorio horiek kontuan hartuta, badaude Euskal Herrian Laborantza iraunkorra sustatzea helburu duten hainbat iniziatiba, hain zuzen ere kapitalismoan oinarritutako eredu agroindustrialari aurre egiten diotenak: kontsumo taldeak, tokiko azokak, agroekologia formakuntza, eta abar.
Hala ere, iniziatiba horiekin batera, gizabanakoaren eta lurraren arteko errespetuzko erlazioa bultzatzen dituzten balioak barneratzea beharrezkotzat jotzen dira elikadura burujabetza eta laborantza iraunkorra lortzeko. Eta ez hori bakarrik, balio horiek, gainera, lurraldearen antolamenduaren inguruko politiketan sustatu beharko lirateke.
Ez dezagun ahaztu lurra geure komunitatearen ondasun bat dela. Eta ez gizakioi dagokigun eta nahi bezala kontrolatu eta ustiatu dezakegun tresna bat.