Irudimenezko ogibide cool zinematografikoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urraza 2015ko mar. 24a, 23:19

ANDY HANSONEN DOSIA

 Astelehena eguzkitan, baina ez erratu, lanean nabil… Zutabegilea naiz. Pelikuletan protagonistaren diru sarrerak eta loft ederra justifikatzeko, asmatutako ogibide cool kondairaz betea. Minutuko sekuentzia bat erredakzioan, nagusiarekin maitasun-gorrotozko liskarra “ez dakit zergatik ordaintzen dizudan!” , pastako betaurrekoak jantzi, barruko sormen sumendia teklatuan arineketan isuri, “-honexegatik.” enter sakatu eta gainontzeko metraje guztia jairik jai eta oherik ohe ibili. Hau dun hau bizibide gogorra Carrie Bradshaw, jaietako zinegotziarenaren parekoa, 24 ordu egunean lanerako ikertzen.

              Orain inportantea naiz, herria nire zutabean idatziko dudanaren zain dago. Ez da gaia, gu gara, gure iritzi, irudimen, ironia fin eta malaletxearen laguntzaz, irakurleek komuneko lanak egiten dituzte. Bifidusa baino eraginkorragoak gara eta gainera birziklagarriak, irakurri ostean txakurrarena jasotzeko ere balio dugu.

              Niri txarrik gertatuz gero (egurra ikutu), Bilboko hautetsiek kontzentrazio isila egingo lukete, Charlie Hebdokoak hil zituztenean bezala. Tarajalen itoarazitako azpisahararrek, Palestinako hondartzan misilkatutako umeek, lepoa moztu zieten egiptoarrek eta mundu zabaleko herritar bonbardatuek ez zuten merezi izan udal kontzentraziorik, Obamak ez baitzituen trending topic bihurtu. Baina ni Charlie Hebdokoen ogibide kidea naiz orain, nigatik kontzentratuko lirateke.

              Zutabegile izatea status bat da, Don Draper-i bezala pentsatzeagatik ordaintzen digute, gure pentsatzeko besaulkian te bat hartuta sortutako magiagatik. Beraz, kalean kasu egiten ez badizuet, etzazue kontutan hartu, zutabegilea naiz, lanean nabil… Pentsatzen nabil.

Andy Hansonen dosia
Jon Urraza
aktorea
Hiruka 9. paperezkoa 2015-03-20

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun