Tomate ekologikoak Kurtzioko antzerkiolan

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urraza 2015ko eka. 25a, 11:07

ANDY HANSONEN DOSIA

        Kurtzioko oholtzan, ikasturtean zehar landutakoa, hurbildutako ikuslego zabalari erakusteko aukera izan genuen elkarlanean sortutako antzezlanaren bidez. Uta Hagenek esaten zuen, tomate eder bat nekazaritza ekologikoaren bidez landatu eta hazteko behar den lana, zaintza eta denbora bera, sartu beharko lukeela aktore batek papera ondo prestatzeko. Baina larregitan ikusi izan ditut, antzerkigintza, memorizatu, ozenki hitz egin eta ikusleei bizkarra ez ematera mugatzen duten irakasleak; zuzendaritza zuzenketa bihurtuz, sormena, irudimena, askatasuna eta kaltegarriagoa oraindik gozamena ere erabat baztertuz.

        Beste batzuk aldiz, ikasleekin (ume zein heldu) nekazaritza ekologikoa egiten saiatzen gara, nik ikasle/aktoreak pertsona inteligenteak bezala tratatzen ditut eta nire helburua da ikasleek, prozesuan lehenengo eta taula gainean gero, disfrutatzea. Eurekin batera hutsetik abiatzen dudan sortze prozesu berri bakoitzean, aktoreen zuzendaritza eta sorkuntza uztartzen ditut, aktoreengan sormena bultzatuz, eta euren sormenaz baliatuz ere, bilatzen dudan interpretazio mota lortzen saiatzeko asmoz. Aktore lana interprete hutsa izatetik haratago doan sorkuntza artistikoa dela sinesten dudalako.

        Eta aurreko ostiralean Kurtzion, sei tomate bikain taularatu zirela uste dut benetan, jateko unerik onenean, ez gordinegi ezta larregi entseatzeagatik freskotasuna galduta ere, taula gainean gozamen ederra hartu zuten sei tomate heldu eta zaporez beteak: Izaro, Jon, Lizar, Maitane, Nerea eta Oier, mila esker neuregan ezarritako konfiantzagatik eta zuen konpromesu, lan, irudimen, umore, sentsibilitate, sormen, zintzotasun, gogo eta izaeragatik.

Andy Hansonen dosia
Jon Urraza
aktorea
Hiruka 20. paperezkoa 2015-06-10

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun