Enpatia emozionala zuzentzeko leihoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urraza 2015ko abe. 11a, 00:31

ANDY HANSONEN DOSIA

       Maite Iturbe EITB-ko zuzendariak barkamena eskatu zuen parlamentuan, euskal luzemetrai bat emititzeagatik. Gure enpatia emozionala zuzentzen duen leihoan, zenbaki ilunak besterik ez diren bost terrorista, sentimenduak dituzten hezur haragizko pertsona indibidualak bilakatu ziren gure begien aurrean. Eta hori noski oso arriskutsua da.

       Eneko Olasagastiren, sinez, zinez beteriko atalean, Mikel Antzak, Maixolen irrintzia kaiolaren bestaldetik jaso zuenean, -maite zaitut!  oihukatu zion emozionatuta, eta nik negar egin nuen. Pariseko albisteen kontakizunarekin ere, enpatizatu eta negar egin nuen. Baina “erantzun” gisa egindako bonbardaketei buruzko albisteekin, ez nuen ezer sentitu. Mikel Ayestaranek jaten ematen dion telebistan salatu bezala: badirudi gure hildakoak garrantzitsuagoak direla. Ez digute esan zenbat ume hil dituzten, ez eta noski euren izenak ere, euren irudiak ez dituzte facebook-en erakutsi, ez dakigu zer ikasten zuten, ezta euren ametsak zeintzuk ziren ere; Madonnak eta Bonok ez diete abestu, gure udaletako hautetsiek ez dituzte kontzentrazio isilak antolatu eta metroko geltokietan ez dituzte euren banderako koloreekin lazorik eskegi.

       Ondorioz, Ayestaranek bezala, gure telebista publikoko zuzendariari eskatu nahi nioke, gure erreakzio enpatiko inkontzienteen gidaritza kontziente horretan, hurbileko eta urruneko hildakoak kontuan hartzea. Eta bide batez, kalitatezko euskal zinea emititzeagatik barkamena eskatu beharrean, hari laguntzen saiatzeko, eta berandu ezpada behintzat, energia guztia orain, Hollywood-eko loreengan enfokatzea, hautaketa horren ondorioz euskal zinea mundu guztiaren ahotan egon bailiteke eta. Break a leg Moriarti!

Andy Hansonen dosia
Jon Urraza
aktorea
Hiruka 42. paperezkoa 2015-12-10

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun