Ostiralean, ekainak 3an, 20:00tan, Kurtzioko eszenatokian, “Astelehena” antzezlana ikusteko aukera daukazue.
Bi urte daramatzat Kurtzioko antzerki tailerra zuzentzen, talde bikaina osatzen dute, aurten ederto integratu diren bi partaide berri izan ditugu gainera eta datorren ikasturterako parte hartzeko interesa agertzen hasi omen da jendea, asko pozten nau horrek.
Elkarrekin sortu dugun antzezlanak, eguneroko bizitzak bezala, komedia eta drama uztartzen ditu. Ohi bezala hutsetik abiatu naiz aktoreekin batera antzezlana entseguetan sortzen, helburu nagusiena partaideek antzezten ikasten disfrutatzea delarik eta horren bidez helburu artistiko nagusia gauzatu, hau da, oholtza gainean benetako giza presentziak eta harreman autentikoak agertzea, eta honetarako aktore lanari lehentasuna ematen diogu beste guztiaren gainetik. Eta benetakotasun hau, Cassavetesen irizpideari jarraituz, oinarritik abiatu behar dela uste dut, hau da, benetako hartu emanak, benetako elkarrizketak, benetan entzun, hitz egin eta erreakzionatu. Eta hori guztia ondo pasatzeko asmoarekin, ikusleek eta baita aktoreek ere, “antzeztea dibertigarria izan daiteke-eta” (Meisner), eta joko honetan, eskarmentudunek zein hasberriek ederto barneratu dute bilatzen dudan interpretazioaren estetika.
Animatzen bazarete, baztertu aurreiritziak mesedez, ahaztu antzerki tailerreko emanaldia dela, ez eman bueltarik amateur/profesional izatearen esanahi ekonomiko zein filosofikoei. Etor zaitezte eta besterik gabe goza ezazue ikusiko dituzuen pertsonai eta egoerekin, ondo pasako duzue eta gainera debalde izango dira biak, funtzioa eta baita ondo pasatzea ere.
Andy Hansonen dosia
Jon Urraza
aktorea
Hiruka 62. paperezkoa 2016-06-01