Ze ondo egiten duen aktore horrek!

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urraza 2016ko urr. 13a, 11:10

Eta laudorio horrek funtsean aktore lan txar bat deskribatzen duela esango banu? Aktorearen teknika azaleratzen denean, “ikuslegoa inpresionatuta gelditu ohi da, aktore horrek egindakoak duen zailtasun mailagatik”; baina aktoreak bere teknika desagerraraziz “ikusleei bizirik dagoen giza presentzia baten aurrean daudela sentiarazten dienean, ikusle gehienek hori egiteko gai direla uste dute” (U. Hagen).

Antzerki eskoletan, sormena bultzatuz aktoreen gardentasuna bilatzen dut, baina “inprobisazio bidez sortutako eszenak, intimoak eta entzungaitzak suertatzen dira maiz, ondoren antzerkiko konbentzioetara egokitzeko zubia eraiki behar duzu” (M. Leigh). Behin 8-11 urteko ikasleak, azken entsegua egitera parkera eraman nituen, obra osoa moztu barik egin zuten, eurak asmatutako irudimenezko munduan erabat murgildurik eta bertatik igaro zen inor ere ez zen jabetu antzezten ari zirenik. Baina funtzio egunean eskolako irakasleek ez zuten apreziatu magia hori, entzuten ez zitzaiela esan eta euskara maila pobreko gidoi hura zuzendu eta aberasteko, euskara irakasleari bidaltzeko gomendatu zidaten.

Zinean aldiz, eraiki beharreko zubia askoz motzagoa da, aktoreek ez dituzte euren ahots eta keinuak komunikazio distantzia errealetik harago proiektatu behar, kamera eta mikroek dena harrapatzen dute, eta bizitzaz beteriko unea harrapatzea lortzen denean, magikoa da. Nik parkeko lorpen pribatua oroimenean gordetzen dut, baina zineak gu guztiontzako gordetzen ditu, eta zinea “bizitza giltzaren sarrailatik ikustea bezalakoa” bada (Cocteau), aktorea filmean “antzezten harrapatu ezkero, aktore hori txarto ari da, trukua agerian gelditu zaio”. (M. Caine).

Andy Hansonen dosia

Jon Urraza aktorea

HIRUKAko 72. paperezko zenbakia. 2016-10-14.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun