Islamaren sinbolo sakratuekin umorea egitea, adierazpen eta sormen askatasunen defentsaren eredu bilakatu zutenek aldiz, Espainiako sinbolo sakratuei buruzko umoreagatik epaitegietara eraman zaitzakete. Adierazpen askatasuna, izatez, konpartitzen ez ditugun adierazpenetan neurtu beharko litzateke, horregatik DefConDos-eko Cesar Strawberry epaituak dio, Hazte oir-eko busari libreki ibiltzen uzteko.
8 Apellidos Vascos filmean, baskoak xenofoboak eta terrorista biolentoak ginen, zergatik da salagarria ordea, espainolen estereotipoekin umorea egitea? Alfonso Alonso minduta agertu da, euskaldunen sentipenei buruzko saioak bera bezalako baskoen sentipenak ez zituelako islatzen… Japoniarrenak ere ez.
Gotzon Sanchez edo Barrura Begiratzeko Leihoak-ekin gertatu bezala, McCarthysmoak sirena jotzean, Lehendakaria, Kontseilaria eta EITB-ko zuzendariak, sortzaileak eta adierazpen askatasuna babestu beharrean, egindako lana a-posteriori arbuiatu eta barkamena eskatzea da deitoragarriena. Miren aktorea da, eskatu ziotena egin zuen, piszinara bota zen eta estereotipoei buruz umorez jarduten saiatu zen, grabatu zuten, editatu zuten, emititu zuten, eta orain arduradunek (gogoratu kultura kontseilaria EiTB-ko zuzendaria izan zela eta honetaz badakiela), eskuak garbitu eta bizkarra eman diote, erantzukizun guztia bere gain jarriz. Azken finean zertarako eta... PP eta PSOErekin aurrekontuak adostu ahal izateko. Horretarako, gerran bezala, Kultura Kontseilaria prest dago babestu beharko lituzkeen euskal kultura sortzaileak sakrifikatzeko.
Miren, sormenaz beteriko aktore bikaina zara, zure iritziak hauek edo kontrakoak izan, zure lan on gardenak babesa merezi zuen.
Andy Hansonen dosia
Jon Urraza
aktorea
HIRUKA 89 zbkia. paperezkoa 2017-03-06