Segurtasunaren paradoxa

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Landeta Terceño 2024ko mai. 30a, 10:47

Azken egunetan Algortan bizitako gertakariak zauriak ireki ditu, inoiz itxiko ez diren senide eta lagunen zauriak, auzoko zalantzatien zauriak eta noski, baita makillatzailerik onenak neurrira diseinatutako zauriak ere. Berandu baino lehen, ezbeharraren berotasunean, premiazkoa da gertatutakoaren inguruan hausnartzea, alde batetik, haserre eta atsekabe soziala instrumentalizatzen saiatzen ari delako eskuin muturra, eta batez ere, beharrezkoa delako gure herrietan horrelako gertakaririk ez errepikatzeko baldintzak jartzea. Hau esanda ez da idazki honen helburua azalera atera diren estigmatizazio arrazistak salatzea, horren inguruan Getxoko Etorkinen Plataformak ateratako komunikatua irakurtzera gonbidatzen zaituztet, eurek azaltzen dutelako nik egingo nukeena baino hobeto.

Segurtasunaren inguruan jardutea da nire helburua, izan ere, azken egunetan azaleratu diren diskurtsoetako batzuk azkenaldian gure herrian omen dagoen segurtasun arazoaren ingurukoak izan dira. Eskuin muturra elikatzen ari den posizio batzuetatik aldarrikatzen da, beharrezkoa dela poliziaren presentzia handiagoa bermatzea herriko kaleetan, horrek dakartzalako ustez, segurtasun kuota handiagoak. Guztiz paradoxikoa dela dirudien arren, adituek adierazten dute segurtasunean inbertsio handienak egiten diren tokiak izaten direla, hain zuzen, gatazkatsuenak. Cesar Rendueles soziologoak idatzitako Contra la igualdad de oportunidades lanean aipatzen da, nola Bogotako biztanleria aktiboaren %10ak segurtasunaren eta bigilantziaren sektorean egiten duen lan. Antzeko fenomeno bat azaltzen du Jacek Hugo-Bader kazetariak Sobietar Batasuna erori eta gero Errusiara eginiko bidaiaren kontakizunean: 

"Zenbat jende pila behar den gauza bakoitza zelatatzeko, pertsona bakoitza, leku bakoitza! Ez baitituzte soilik autoak zelatatzen, etxeak zelatatzen dituzte, pertsonak, lorategiak, ortuak, basoak, etxeko animaliak, animalia basatiak… Hamarnaka, ehundaka eta milaka gizonek egiten duten gauza bakarra kontrolatzea da, begirik ez kentzea, bistatik ez galtzea, zelatatzen dabiltzan dena delakoa inork lapurtuko ez duela ziurtatzea. Milioika, atezain, zelatari, segurata, gorila eta guardia zelatan egoteko jaioak, heziak eta haziak.“

Askotan bake sozialaren afera, kriminalitatea edo segurtasunaren arteko “batura zero” duen jokora mugatzeko joera dago, kenketa erraz batera: kriminalitatea segurtasun maila baino altuagoa bada orduan delinkuentzia arazo sozial bat izango da. Eta nola konponduko dugu hori? Ba hain zuzen segurtasun maila igoz, bigilantziaren eta poliziaren bidez. Diskurtso horrek, baditu hutsune argiak lehenago azaldu dugunez, baina zergatik?

Ba hain zuzen, Errusia post sobietarrak eta Bogotako kaleek beste elementu argi bat dutelako komunean, disparekotasun soziala. Izan ere Renduelesen hitzetan, disparekotasunaren hazkundea zuzenean dago erlazionatuta ahultze sozialarekin, elkartasun komunitarioaren gutxitzearekin eta herrikideen arteko konfiantza faltarekin. Finean, disparekotasun sozialak bizi proiektu duinak aurrera ateratzeko beharrezkoak diren lotura sozial guztiak galtzera garamatza.

Honek pista batzuk ematen dizkigu gure herriko egoera ulertzeko, aldarrikapenen norabidea zorrozteko eta aldarrikapen hauek arduraz egiteko. Benetan behar duguna poliziaren presentzia handiagoa dela? Argi eta garbi ez, segurtasun ezaren sentsazioak harremana du hain zuzen Getxo izatearekin etxebizitzaren prezio altuenak dituen udalerrietako bat. Harremana du sentsazio horrek, herri honetan bizi garen gazte langileek gure bizi proiektuak garatzeko ditugun zailtasunarekin. Harremana du batzuk errentatik bizi diren bitartean beste askok gehiegizko lan jardunak eginda ere alokairu bat ordaintzeko zailtasunak izatearekin. Harremana du ere lan prekarioarekin, praktiketako kontratuekin, ekonomiaren tertziarizazioarekin, turismora zein kontsumora bideratutako herri eredu batekin, eta argi eta garbi, harremana du atzerritartasun legearekin. Honek denak sortzen du haustura soziala eta segurtasun falta.

Aipatutakoaren aurrean galdera argia da: zer gaude egiteko prest instituzioetatik, kalean, eragile sozialetan, sindikatuetan eta abar disparekotasun hau murrizteko? Zer zaude zu egiteko prest, segurtasunak kezkatzen zaituen herritar zintzoa, disparekotasunaren areagotzearekin bistan geratu diren harreman sozial eta komunitario ahulak josten hasteko?

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun