Zuriñe Hidalgo: “Txikitan nik ez nuen telebistara joan nahi bertan agertzeko, hor nengoen abestu nahi nuelako”

Zuriñe Hidalgo. CC-by ARABAKO ALEA

Hesian taldeko abeslarietako bat delako izango duzue ezagun, beharbada. Baina ez da bere meritu bakarra. Telebista-aurkezle eta aktore lanetan ere badabil EITBn, "Bagoaz!" saioaren bigarren denboraldia grabatzeari ekin dio duela astebete, eta "3txulo" programan, "Xbel" pertsonaia interpretatu izan du, besteak beste. Hala ere, berak irakasle izateko ikasketak burutu zituen, Haur Hezkuntzan lizentziatua dugu Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990).

Gora eta behera hamaika konturekin lanpetuta dabilen arren, entsegu bat hasi baino lehen nirekin hitz egiteko astia izan du, eta solasaldi interesgarri bat izan dugu bere ibilbide profesionalaren inguruan. 

Abestu. Zergatik? Txikitan ere egiten zenuen?

Bai, gogoratzen dut amonarekin batera beti kantuan ibiltzen nintzela, betidanik izan dut gogoko abestea. Musika eskolan ere banengoen apuntatuta, eta oso gustuko nuen mikrofonoaren aurrean jartzea; musika ikastea, ordea, ez. Teoria gutxi eta praktika gehiago nahiago nuen (kar, kar).

Gainera laster ikusi zintugun EITBn. 90eko hamarkadako gazteok horrekin hazi gara: Betizu taldea eta "Lokaleko leihotik" kanta gure haurtzaroaren parte dira. Baina zelan zeneraman zuk bizitza hori?

Ni 11 edo 12 urterekin hasi nintzen telebistan, eta momentu horretan ez nintzen oso jakitun non nengoen. Nik ez nuen telebistara joan nahi bertan agertzeko, hor nengoen abestu nahi nuelako, eta eskuartean aukera ederra nuela konturatu nintzen. Baina, gu umeak ginen telebistan, eta esan behar dut nire gurasoek asko lagundu nindutela, oinak lurrean mantentzeko eta kontziente izateko errepikatzen baitzidaten.

Kantatzeaz gain, bestelakoak ere egiten zenituzten…

Bai. Dantzatzen eta interpretatzen ere erakusten ziguten, eta nik aukera ederra izan nuen, irakaskuntza handia jaso bainuen, eta ez bakarrik musikala, pertsona bezala asko hazi nintzen ere. Esperientzia goiztiarra eta garrantzitsua izan zen.

Kantatzen jarraitu zenuen, Jeimon Turk Band taldean…

Bai. 15 urterekin Betizu utzi eta hurrengo urtean zerbait egiteko beharra nuen, orduan, herriko lagun batzuekin batera taldea sortu genuen, ni gazteenetarikoa nintzen, denak 16 eta 20 urte bitarteak ziren.

Hala ere, unibertsitatean Magisteritza ikastea erabaki zenuen. Zer dela eta? Bokazioa da?

Irakaskuntza beti maite izan dut, Haur Hezkuntza ikastea erabaki nuenean argi eta garbi neukan %100 bokaziozkoa zela. Batetik, haurrak asko maite ditudalako, eta bestetik, erabat miresten dudalako mundu hori. Hezkuntza gai serio eta garrantzitsua da gaur egungo gizartean, eta baita ardura handiko lana ere, etorkizunean pertsonak izango direnak hezten zabiltzalako.

Unibertsitatean zeundenean, 2010. urtean, Hesian taldean sartu zinen, 20 urtetxo zenituela. Nolakoa izan zen Hesianen sartzeko prozesua?

Oso kuriosoa izan zen. Jeimon Turk Band taldearekin maketa-lehiaketa batera aurkeztu ginen eta maketa horren atzean, beste batzuen artean Fran Urias (Hesian taldeko gitarra eta ahotsa) zegoen. Hesian taldean abeslari bat behar zuten momentu horretan, eta nitaz gogoratu eta nirekin kontaktatu zuten. Prozesua oso modu naturalean izan zen.

Aurten 8 urte egingo ditu talde nafarrean sartu zinenetik. Musikalki garapena egon da eta aldaketak ere egon dira, nola definituko zenituzke aldaketok?

Ni taldera sartu nintzenean egokitu behar izan nuen. Denborarekin eta urteekin konposatzen hasi nintzen, muturra gehiago sartzen eta gehiago konprometitzen, azken finean, taldean nire alea ere jartzen. Nik beste estilo batzuk nituen gogoko, poliki-poliki taldekideok ulertuz joan ginen. Egia da Hesianen aldaketa handiak egon direla urte hauetan guztietan zehar. Normala denez, musikari bakoitzak bere estiloa dauka, eta urteekin ere aldatzen zoaz… Hala ere, Hesianen esentzia mantenduz bide bat egin dugula uste dut.

Konposaketa-lanak Franek eta zuk egiten dituzue. Ondo moldatzen zarete abestiak sortzerakoan? Eta gainontzeko taldekideekin lan hori komunean jartzea erraza al da?

Bai. Oso garrantzitsua da guretzat talde barnean giro egokia egotea. Zentzu horretan, Franek eta biok hartzen ditugu erabakiak batez ere. Batzuetan badago bestearen iritzira moldatu beharra, hausnarketak egoten dira… Baina beti iritsi gara akordio batera; edo batak besteari konbentzitu egiten dio, ala aldrebes. Lortu nahi dugun helburua bada kantu ona sortzea, beste taldekideen iritzia ere funtsezkoa da.

Euskal Herrian arrakasta handia duzue, plazak leporaino betetzen dituzue edonon, baina, pentsatu duzue harago joatea, alegia, Hesianek hesiak hautsi eta kanpoan jotzea? Valladoliden eta Burgosen egon zarete udan, besteak beste…

Bai. Zaila da. Gu nahiko errealistak gara, badakigu gure lurraldea Euskal Herria dela. Egia da euskal talde askok apustu egin dutela, kanpora joan eta bira bat antolatzean. Gure kasuan, 7 taldekide gara, eta kostu ekonomiko handia dakar horrek. Hesian bezalako talde batean ezinezkoa da planteatzea horretaz bizitzea, inondik inora. Guk hemen ere gure lanak ditugu eta oso zaila zaigu bira bat antolatu eta kanpora jotzera joatea. Hala ere, kanpotik deitzen gaituztenean polita izaten da eta pozik goaz jotzera.

Oholtzatik kanpo zabiltzate orain, baina zer plan dituzue udaberrirako eta udarako?

Oholtzak alde batera utzi ditugu orain. Atseden hartu dugu, guk eskertzen dugu, eta baita publikoak ere eskertuko du. Lehen esan bezala, Euskal Herritik ateratzen ez garenez, jendea gutaz kantsatu daitekeelako. Lokalean sartuta gaude orain, kantu berriak konposatzen, ez dakigu oraindik diskoa noiz grabatu eta aterako dugun. Baina udaberri eta uda partean espero dugu jo eta ke ibiltzea kontzertuetan.

"Bagoaz!" programaren bigarren edizioa grabatzen zabiltzate orain, otsailaren 21ean estreinatuko dena. Aurkezle-lanetan zebilela abeslariak izan nahi duten gazteekin harreman zuzenean zaude. Zer aholku emango zenieke?

Oso garrantzitsua da hasieratik gustuko duzuna egitea, sinestea eta borrokatzea. Zerutik ez da ezer erortzen, Euskal Herrian inori ez zaio ezer oparitzen. Lan egin behar da eta ez da sekula etsi behar. Gustuko duten musika egin dezatela esango nieke, ez arrakasta lortzeko bidean, besteen gustuei begira musika sortzea. Guk, adibidez, kanta bat sortu eta komertziala dela leporatu izan digute noizbait, baina ez dugu helburu horrekin egiten. Asetzen zaituen zerbait egitea da garrantzitsuena, ez besteen gustuei begira sortzea… Kontrakoa egitekotan, honek guztiak ez luke izango zentzurik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun