Tresnaren «doinu zorrotz-goxoak liluratuta», alboka ikastea erabaki zuen Julen Begoña Garaizarrek gaztetan. Hogei urtegaz ekin zion jotzeari Romo Kultur Etxean, Ibon Koteron maisu zuela. Koteron musika munduan ezaguna da, besteak beste 1996an Leonen orroak diskoa kaleratu zuelako Kepa Junkeragaz batera, albokaren eta trikitixaren soinuak uztartuz. Ondo irakatsitakoa dugu Begoña, beraz. Sopeloztarragaz batera, 80ko hamarkadan albokaren erreleboa hartu zutenak (denak gizonak, «tamalez») abesti zahar eta berriak jotzen ahalegindu ziren. «Seguruenik albokaren historian egon den aldaketa nabarmenena ematea lortu genuen», dio Begoñak. «Garai hartan alboka hilzorian zegoen; gaur egun, berriz, musika eskoletan jotzeko eskaintza dago», gehitu du.
30 urte daroatza Begoñak albokaz gozatzen, baina ez du sekula lan berririk sortu. Aurten, ordea, Fredi Paiaren eta Joseba Santxoren letrakaz, lehenengo diskoa kaleratzeko asmoa du, Berangoko Zarata estudioan grabatuko dena. «Ea kapaz garen, grabaketak errespetua ematen baitu; saiatu behintzat, saiatu egingo gara».
Alboka haize-instrumentua da, doinua kontrolatzeko zortzi zulo daukana. Kainaberazkoak izan ziren lehenengoak, gero egurrezkoak sortu ziren, eta gaur egun plastikozkoak ere badaude. Jotzen hasteko egokienak dira horiek, Julen Begoñak argitu digunez.