Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten hasi zuen, baina egia esanda 18 urtegaz zer egin argi ez zeukala aitortu digu Olaranek (Lemoiz, 1974). Karrera erdian antzerki-tailer batean sartu eta bere bokazioagaz topo egin zuen. 1997. urtean diplomatura eskuratu zuen Getxoko Antzerki Eskolan, eta 1999an lehen pausoak eman zituen antzerkian, Blue obran. Hogei obra baino gehiago interpretatu ditu Euskal Herrian, baita etxetik kanpo ere, Madrilera emigratu baitzuen urte birako. «Egin ditudan gauza garrantzitsuenak Madrilen nengoela egin ditut. Besteak beste Medea obra antzeztu nuen, Meridako Anfiteatroan, Tomaz Pandur zuzendari esloveniarragaz».
Antzerkian ez ezik, telebistan ere ikusi dugu. Goenkalen iraupen laburreko pertsonaia bi jokatzeaz aparte, Los hombres de Paco telesail ospetsuan parte hartu zuen. Publizitate lanak ere egin ditu, Euskaltelentzat besteak beste. Zinemari dagokionez, film laburrak eta pelikulak grabatu ditu: «La Causa de Kripan pelikulan parte hartu nuen; hori da, beharbada, egin dudan ezagunena», adierazi digu.
Antzezteaz gain, obrak idatzi ere egiten ditu Olaranek. 2008. urtean, Katastrofen! antzerki konpainia sortu zuen Jone Garcia lankideagaz batera. «Oso garrantzitsua da guretzat gure produktua garatu ahal izatea; obrak sortzeko askatasun osoa daukagu, generoa edo hizkuntza hautatzerakoan, esaterako». Gaur egun, Neopreno umore beltzezko komedia antzezten dabiltza.