Manuel Rodríguez: «Musika egiteko modu bitxi hau jendearekin partekatu behar da; dakigunok geuretzat gordez gero, galdu egingo da»

Hamabi urte daroatza musikan folk-munduko artisau honek. Huntzaren hostoa, intxaurra, tipula-azala… Edozeri atera diezaioke doinua Manu «Lino» berangoztarrak.

Huntzaren edo limoiondoaren hostoa, intxaur-oskola, tipularen azala, ereinotzaren adar-tzatia, «iturri» mitikoak… Horiek guztiak musika-tresnak dira berangoztar honentzat. Manuel Rodríguez galizierazko «Manu o Hedras» ezizenez ezaguna da musika-munduan. Berangon, ordea, Manu «Lino» deitzen diote, aitak zeukan tabernaren izena gogoratuz.

Gurasoen tabernan bertan etorri zitzaion lehen aukera musika-munduan sartzeko, orain dela hamabi urte. Txapelketak antolatzen zituzten han, eta bandakoek eurekaz jotzeko proposatu zioten behin, aurrez sekula musika jo ez bazuen ere. Ordutik hara-hona ibili da, Galizian lehenengo, Santurtzin ondoren, eta orain Berango Kantari ekimenean buru-belarri.

«Inoiz ez ditut zenbatu erabiltzen ditudan instrumentuak, baina jakin badakit nire gustukoena hostoa dela. Gehien ase nauena da, eta jendearen arreta gehien deitzen duena ere», esan digu. «Folka jotzen dugunok familia txikia gara, denok ezagutzen dugu elkar. Behin Santurtzin jo nuen Kepa Junkerarekin, baita Biboko Alondegian ere, hark emandako master class batean. Entzuleen artean ikusi ninduenean hosto baten bila joateko agindu zidan», gogoratu du.

Azken boladan Berango Kantari proiektuan dabil. 40 bat lagun elkartzen dira hilean behin, kaleetan abesteko. Musika egiteko daukan modu bitxia herriari erakutsiz gozatzen duela dio: «Musika egiteko era hau jendearekin partekatu beharra dago; dakigunok geuretzat gordetzen badugu, galdu egingo da».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun