Julen Ibinaga: «Itsasoaren hondoa plastikoz eta zaborrez beteta dago. Ez dakit noiz ohartuko garen mundua akabatzen gabiltzala»

Urpekaritza egiten 40 urte daroatza Julen Ibinaga algortarrak. Munduan zehar bidaiatzen ez dagoenean, kirol hori irakasten du Tarpoon eskolan, Getxoko kirol-portuan.

Gazte hasi zen urpekaritzan Julen Ibinaga (Algorta, 1962), 16 urtegaz, eta denborak aurrera egin ahala, bizitzeko eta lan egiteko modua bilakatu zitzaion. 1994an, beste lagun batzuekaz batera, Amerikara egin zuen bidaia, maila aurreratua gainditzeko asmoz. «Hamazortzi orduko entrenamenduak egin behar genituen hamabost egunean, Floridan. Oso gogorra izan zen», esan digu.

Horren ostean, Tarpoon eskola-denda ireki zuen Getxoko kirol-portuan. Hogei urte egin ditu aurten negozioa abiatu zuenetik; izan ere, kirol-portuan ipinitako lehen komertzioa da Ibinagarena. Urpekaritza-maila guztiak ikas daitezke han.

Bidaiatzea bere ogibidearen parte da: «Itsaso Gorria, Karibea, Indonesia, Maldivak, India, Indonesia, Malaysia… Hamaika txoko bisitatu dut munduan. Mugitzea ezinbestekoa da urpekaritza egiten dugunontzat, itsasoaren alde guztiak ezagutzeko grina pizten baita gugan», dio. «Ez dakit zer den itsasoan ikusi dudan gauzarik harrigarriena. Egia da gaztetan ia metro biko marrazoak edo baleak ikusteak zirrara handia sortzen zuela, baina urteek aurrera egin ahala konturatu naiz momentu eta txoko bakoitzak bere bereizgarriak dituela, edozein tokitan disfruta dezakedala».

Urpekari beterano hau kezkatuta dago kutsadura dela eta: «Bistan da orain dela hogei urte baino arrain gutxiago daudela, eta itsasoaren hondoa plastikoz eta zaborrez beteta dago. Ez dakit noiz ohartuko garen mundua akabatzen gabiltzala».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun