Bego Ezkerra: «Lau katu geratu gara prensa idatzia saltzen, ez dago etorkizunik honetan; guk tradizioagatik jarraitzen dugu»

Gazte-gaztetatik ekin zion Bego Ezkerra algortarrak egunkariak saldu eta banatzeari, beraren amamak 1937. urtean hasitako tradizioari jarraituz.

Algortakoak bazarete, oso litekeena da Bego Ezkerraren aurpegia ezagun izatea. Urteak daroatza goizeko ordu txikietan jaikitzen, furgonetagaz herrian zehar etxez etxe egunkariak banatzen eta salmahaian ere bezeroak artatzen. «Jaio nintzenetik nabil egunkariak saltzen. Txikitan, eskolatara berandu heltzen nintzen egunero, aitita eta amamari salmentakaz lagundu ostean joaten nintzelako ikastera», esan digu. Aurtengo uztailean etxez etxeko zerbitzua egiteari utzi diote, baina Egunkariak dendak bizirik dirau oraindik; 48 urte bete ditu azaroan. Algortako Hiribidean aurkitu dezakezue, 78. zenbakian, aterpetxoan.

Astegun batean elkartu gara Ezkerragaz, dendan bertan. Gugaz berba egin bitartean bezeroak ere artatu ditu. Hori da haren eguneroko zeregina, eta hartu-eman estua du egunkariak erostera joaten diren bezero gehienakaz. «Denok ezagutzen dugu elkar Algortan, urte asko dira egunkariak saltzen; bizitza osoa, izan ere».

Bere bizipenen inguruan ez ezik, gaur egun prentsa idatziak duen egoeraz ere jardun dugu: «Internetek badu eraginik, jakina, azken urteetako kontsumoaren beherakadan, baina prezioa ere oso garestia da. Jendeak tabernetan irakurtzen ditu egunkariak». Azken hamar urteetan egoera zeharo aldatu dela dio Ezkerrak: «Ez dago etorkizunik honetan, lau katu gelditu gara prentsa idatzia saltzen. Guk tradizioagatik jarraitzen dugu, familiako negozioa delako».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun