Andra Marikoa, hiriburukoa, dela diosku ezkondu ostean Leioara egin zuen getxoztarrak. Udondo taberna erosi zuen Bilbaok 1984an, baita bertan abesbatza taldea sortu ere, Santa Ageda egunaren bezperan. Helduek kalean zergatik ez ote zuten kantatzen galdetzen zion bere buruari gure protagonistak, buruhaustea hautsi guran lauzpabost lagun elkartu zituen eta kantatzeari ekin zioten.
35 urte beteko ditu aurten, otsailaren 4ko arratsalde-gau hartan hasitakoak. Santa Ageda eguneko bezperan, urte batean ere ez du hutsik egin taldeak: "Guretzat egunik politena da. Bazkaria izaten dugu, arratsaldean Leioako geriatrikora joaten gara abestera lehenengo, eta gero kaleetan zehar ibiltzen gara kanta-kantari, makilak astinduz".
Hainbat urtez kaleak girotzen dituen taldea ezagutu dute leioaztar askok. Udalerrian Udondoko Txikiteroak izena hartu dute. Gaur egun 28 kidek osatzen dute, eta ahotsa ez ezik, akordeoia ere erabiltzen dute sarritan. 2018ko azaroan grabatu dute lehenengo diskoa, Urdulizen. Publiko gaztea zein zaharra erakartzeko abestiak hautatu dituzte, euren helburua taldean jende berria sartzea baita; Loretxoa, Baratze bat eta Xalbadorren heriotzean, besteak beste.
"Ez gara abesbatza, lagun-taldea baino. Ez dugu kantatzeko teknika berezirik erabiltzen, eta intonazioak ez gaitu kezkatzen. Gure helburua jendeak gugaz bat egitea da, entzuten gaituztenean gugaz batera abesten ipintzea", dio Bilbaok.