Marina Alcalde: «Gauza asko utzi behar izan ditut bidean, baina ez naiz batere damutzen egin dudan bideaz»

Hamasei urte daroatza tangoaren munduan buru-belarri Marina Alcaldek, Bilbon jaio zen urduliztarrak. 2018an Munduko Tango Txapelketaren finalera ailegatu zen.

Bizitza osoa darama Marina Alcaldek dantzatzen. Estilo bat baino gehiago landu du, baina 21 urtegaz tangoa aukeratu zuen. «Onura ekarri zidan tangoa dantzatzen hasteak», esan digu. Orain dela lau urte munduko txapelketara aurkeztu zen lehenengo aldiz, Diego Quispe argentinarragaz. «2015ean nire bizitzako eta dantzatzeko kidea denagaz lanean hasi nintzen, baita mundialera ailegatu ere. Ordutik, urtero jokatu dugu Munduko Tango Txapelketa», diosku. Joan den urtekoan finalera ailegatu ziren, eta zortzigarren postua eskuratu zuten.

Dantzaz bizi daitekeen edo ez galdetu diogunean argi esan digu baietz Alcaldek: «Gauza asko utzi behar izan ditut bidean, baina ez naiz batere damutzen egindako bideaz. Lehen, estetikaren alorrean egiten nuen lan, eta oso pozik nengoen, baina tangoa dantzatzea askoz atseginago dut».

Urdulizen Abrazándonos Studio tango-eskola du Alcaldek, eta eskola partikularrak ere ematen ditu Algortan, Barakaldon eta Bilbon, besteak beste. Begiradan hasi, besarkadan jarraitu eta dantzan hedatzen den elkartze horrek zoriontsu egiten duela dio: «Urte luzez borrokatu dugu, baina merezi izan du honetaz bizitzeak».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun