Yolanda de Miguel, nanoteknologia-ikerlaria: "Gauza txikiei arreta emateak gauza handiak ekar ditzake"

"Natura betidanik izan dut gustuko, mundua ulertzeko inspiratzen nau", dio Yolanda de Miguelek. Urkon (Sopela) elkartu gara beragaz, gurasoen baserrian.

Floridan jaio arren, lau urtegaz etorri zen Euskal Herrira Yolanda de Miguel, eta haurtzaroa eta nerabezaroa aitaren jaioterrian igaro zituen, Algortan; ama, ordea, eskoziarra du. Kimika ikasi zuen de Miguelek, eta Cambridgeko eta Londreseko unibertsitateetan ibili zen irakasle eta ikerlari lanetan.

2003an, bizitza erabat aldatzea erabaki zuen, Euskal Herrira itzuli baitzen nanoteknologian ikertzeko: "Munduko hiritarra naiz ni, eta ez daukat sustrairik". Sopelan bizi da gaur egun, eta bertan bizitzeak abantailak dituela esan digu: "Diru gutxiago irabazten dut, baina oso gustura nago. Etxetik hondartzara oinez joateak egiten nau zoriontsu".

Nanoteknologiaren munduan murgilduta daroatza hamabost urte baino gehiago; gaur egun, 120 ikerlari inguruk osatzen duten kluster baten zuzendaria da, Tecnalia korporazio teknologikoan. Buru-belarri dabiltza lanean, sendagai berriak eta produktu iraunkorrak sortzeko asmoz. Asmakari biren patentatzailea da Yolanda de Miguel daborduko; nano-partikulakaz aireari kutsadura kentzea lortu du. "Gauza txikiei arreta emateak gauza handiak ekar ditzake", azaldu digu.

Harrigarria bada ere, denbora librea du eta DJ da: "Hobby-a da, baina oso gustuko dut musikarekiko dudan maitasuna transmititzea". Lan-eremura itzulita, zuzendaritza-esparruetan emakumeek egon behar dutela dio: «Goian egon behar dugu, erabakitzeko ahalmena izan behar dugu guk ere».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun